argia.eus
INPRIMATU
Joaquín Urías, Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko kide ohia
“Botere banaketaren aurkako erasoa da, baina estatua ez da erori”
  • Bikainak izan beharko lukete, merezimenduzkoak, beren ikaskideen gaitasunen gainetik. Hala ere, ez da hori gertatzen, dio Konstituzio Zuzenbideko irakasle eta Auzitegi Konstituzionaleko letradu ohi Joaquín Uríasek. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean errefusatutako bi magistratuak soldadu onak direla dio, baina ez magistratu onak.

Gessamí Forner El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2022ko abenduaren 23a
"El Salto" (elkarrizketatuak utzitako argazkia).

Joaquín Uríasen ustez, halaber, bere ordezkoetako bat ere ez da magistratu ona izango, Juan Carlos Campo, Justizia ministro ohia eta 20 urte PSOEko karguetan daramatzan pertsona bat. Haren ustez, Auzitegi Konstituzionalak ez ditu soldadu gehiago behar, ideologia desberdinetako pertsona oso teknikoak baizik, botere legegiletik datozen arauak interpretatzeko gai direnak, arauok proposatzen dituzten alderdi politikoetatik aparte.

Egunak daramatzat erregea ikusteko zain, baina badirudi eskuineko kolpe judizial bat ez dela haren kontua.

Gogoan izan beti defendatzen dugula erregeak politikan ez esku-hartzea. Zeregin sinbolikoa izan behar du, ez da atera behar batzuei edo besteei laguntzeko.

Nahastuta nabil, kolpe judiziala entzuten dut eta...

Auzitegi Konstituzionalak bere eskumenak gainditu ditu, eta beraz, kolpe judiziala da. Botere banaketaren aurkako erasoa da, baina estatua ez da erori. Estatu-kolpea balego, Espainia ez litzateke demokrazia izango. Salbuespena egon da, eta legez kontra botereen banaketaren gainetik jausi egin dute, baina Espainiako sistema ez da aldatu.

Zer aukera ditu orain Pedro Sanchezek, demokratikoki aukeratutako gobernu bateko presidenteak?

Aukerak baino gehiago, Pedro Sanchezek eta, batez ere, parlamentuak erakutsi behar diote Auzitegi Konstituzionalari demokratikoki aukeratutako botereak haren gainetik daudela. Herriaren borondatea gauzatu egin behar dela, nahiz eta eskuineko magistratuek ezetz esan eta zuzenketa eztabaidatzea eragotzi. Parlamentuak erakutsi behar du demokraziak irabazi egiten duela, herriak arau hori onartzeko zilegitasuna duela.

Konstituzionala berme-organoa da, baina arazoaren muina Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia da [CGPJ, gaztelaniako sigletan]. Zergatik egiten du PSOEk ezikusiarena erakunde horren jatorrizko blokeoaren aurrean?

PSOE pragmatikoa izatera jolasten ari da, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak agintaldi bat baino gehiago darama berritu barik, eta uste dut PSOEk galdutzat eman duela haren berritzea. Atzerapenak agintaldi oso bat irauten duenean eta bokalak hirugarren agintaldi batean bezala ari direnean, sistemak erakusten du ez duela funtzionatzen. Egia esan, ez dakit oso ondo zer egiten duen PSOEk, hori konpontzeko mekanismorik ez dagoela pentsatzen duen edo galdutzat ematen duen.

Gustatzen al zaigu Auzitegi Konstituzionaleko Fiskaltza?

Espainiako fiskaltza arazo bat da auzitegi guztietan, beti egoten baitira zalantzak inpartzialtasunari buruz. Uste dut Auzitegi Konstituzionaleko fiskaltza gustatzen zaigula gurekin ados dagoenean. Orain zentzuzko zerbait eskatu du, beste batzuetan ez, adibidez Kataluniako Parlamentuan eskumenak inbaditu zituenean. Independentea izatea gustatzen zaigu; batzuetan harekin bat etorriko gara eta beste batzuetan ez.

Zer espero duzu gertatzea datozen egunetan?

Premiazkoena Auzitegi Konstituzionala berritzea da. Arazo handi bat dugu, bi magistratuk ez dute beren agintaldia amaitu nahi, eta gainera beren ordezkoei ez diete sartzen uzten kargua har dezaten. Hori da egoera honen guztiaren anomaliarik handiena. Alde egitea onartu behar dute. Horren aurrean, ez daukat oso argi nola jokatu. Lege-proposamena ez da onartuko urtarrila edo otsaila amaitu arte; beraz, bi hilabete itxaron behar dugu, eta agian beste neurri juridiko bat hartu beharko da.

Soldata kendu?

Ez, ezin duzu. Nolabait, duten betebehar konstituzionala betetzera behartu behar dira. Egiten ari direna errebeldia konstituzionala da: hor geratzen direla esaten dute eta kito. Agian auzitegiari kereila bat aurkeztu beharko litzaioke.

Prebarikatzen ari dira?

Ez nintzateke ausartuko hori esatera, prebarikazioa egiteko, egiten dutena legez kontrakoa dela jakin behar baita, eta haiek uste dute estatua eurena dela. Funtsean, ziur daude legea eta estatua eurenak direla, eta zinez uste dute ez dabiltzala legearen gainetik.

Pedro González-Trevijano luzaro eta desegoki egon zen Juan Carlos Erregea Unibertsitateko Errektoretzan, eta PPko mandatari handiei titulu ugari oparitu zien. Beraz, badaki besaulkietan ondo egokitzen eta ez altxatzen eskatzen diotenean.

Arazoak zerikusi handia du aukeratzen diren profilekin. Eta proposatzen dituen kideak kontuan hartuta –Juan Carlos Campo eta Laura Díaz–, Sanchezen gobernua PP bezain gaizki ari da. Campo Justizia ministro ohia da eta 20 urte daramatza PSOEko karguetan. Zoritxarrez, Enrique Arnaldo eta González-Trevijanoren oso antzeko profila du: kargua betetzeko behar den maila teknikoa eta independentzia ez duten pertsonak izendatzen dira, eta, beraz, badugu epaimahai bat soldadu onekin, baina ez magistratu onekin; alderdi baten menpe egon dira beti eta nekez esango diote ezetz hari.

Nola konponduko litzateke hau guztia?

Arazo batzuk ezin dira arau juridikoarekin konpondu, kontzientzia demokratikoarekin baizik. Konstituzioak iraun egiten du, herriak eta gizarteak hura aplikatzeko borondatea duten heinean, eta, beraz, nahiz eta arauak behin eta berriz jarri indarrean, berrinterpretatzen dira eta ez dute errealitatea aldatzen: arauek ez dute errealitatea aldatzen borondaterik ez dagoenean. Konstituzio Auzitegiak nolabaiteko independentzia izan behar du. Onartu behar dugu magistratuek beren kabuz jardun dezatela borondate konstituzionala aplikatuz. Espainiaren arazoa da alderdiek ez dituztela aukeratu nahi ezkerreko edo eskuineko magistratuak, beren alderdiaren interes taktikoei eta berehalakoei men egingo dieten magistratuak aukeratu nahi dituztela baizik. Oraintxe bertan, PPrenak nahi dituzte, eta hori zentzugabekeria da. Magistratu kontserbadoreak eta aurrerakoiak izango dituen auzitegi bat behar dugu, baina aldi berean independenteak ere izango direnak, erabakiak hartzeko independentzia nahikoarekin jardungo dutenak. Ez dago beste irtenbiderik.

Hau da, Auzitegi Konstituzionala soldadurik gabe.

Bai, izan ere, ez da despolitizatu behar, erabakiak politikoak baitira. Aborturik dagoen ala ez, LGTBI ezkontzarik dagoen ala ez... horiek politikoa dira, eta, horregatik, haien ideologia jakin behar dugu; halaber, oso onak izatea ere behar dugu, alderdi baten esana aplikatzeko izendatuta ez egotea, baizik eta munduaz duten ikuspegi juridikoa aplika dezaten. Beren interpretazioa.

Bi hilabete geratzen zaizkigu...

Gutxienez bi hilabete geratzen zaizkigu tortura honetan, auzitegi ez-legitimo batekin, edozer egiteko prest dagoena, hala nola Konstituzioa urratzea PPren interes taktikoak defendatzeko. Ez dira magistratu eskuindarrak, PPren interesen menpeko magistratuak dira. Legea hausten ari den auzitegi bat ikusten ari gara, eta ez dut baztertzen bi hilabetean beste ezustekoren bat izatea.

Hara!

PPri interesatzen zaio eskandalu honekin udal hauteskundeetara iristea. Ez zaitez harritu auzi-ihesean dauden magistratu sediziosoek beren boterea erabiltzea egoera horretan udal hauteskueetara iristeko.

Uste duzu horrek mesede egiten diola PPri?

Bai. PPk gaur egun komunikabideen gainean duen kontrolarekin, gatazka konstituzional bat sortzen du eta Pedro Sánchezi egozten dio errua, eta iritzi publikoaren gehiengoak errua Pedro Sánchezena dela onartzen du.

Gogoz ikusiko nuke Borboi bat telebistan beretarrei errieta egiten.

Beharbada oker zaude, eta errieta egiten ikusi beharrean, bi egun barru ikusten duzu beretarrak defendatzen.

A ze Gabon gaua.

Espero dezagun isilik jarraitzea.