Euskarazko B2 eskakizuna zuten bi udaltzain lanpostu baliogabetu zituzten epaileek iazko urtarrilean, euskara eskatzea "diskriminatzailea" izan zitekeela iritzita; eta aitzineko astean, Donostiako Udalak aurkezturiko helegitea ez aztertzeko erabakia hartu du EAEko Auzitegi Nagusiak. Elkarretaratzeen bidez, euskararen kontrako oldarraldi judiziala salatu dute Donostiako Udaleko Langile Batzordeak, ELA eta LABrekin batera, baita euskalgintzak ere.
Elkarretaratzeak burutu dituzte otsailaren 12 honetan, Donostiako udaltzainen euskara eskakizunaren auziari udalak jarritako helegiteari ateak itxi izana salatzeko: eguerdian Donostiako Udaleko Langile Batzordeak deituta, ELA eta LAB sindikatuen sostenguarekin, eta arratsaldean, berriz, Euskalgintzaren Kontseiluaren eta Bagerak antolatuta. Garatuz doan oldarraldi judiziala salatzeko unea izan dute langileek: "Tamalez, azken 30 urteetan legezkoa izan dena orain baztertzailea bihurtu da, urteotan hizkuntzaren inguruko legeria aldatu ez bada ere". Atzerapauso horiei lekurik ez uzteko gisan, "kalera ateratzeko" beharra azpimarratu dute langileen elkarretaratzetik.
Euskararen eta euskal hiztunen kontrako eraso horiek salatu dituzte Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak arratsaldez: "Atzo bidezkoa zena, ilegala da gaur. Euskararen normalizazioaren joko arauak aldatu dituzte eta, egun, edozerk balio du gure hizkuntza eskubideak bermatzea xede duten neurriak baliogabetzeko". Hori horrela, "botere judiazialaren injerentzia" gogorki salatzeaz gain, "arkitektura juridiko berri bat" aldarrikatu dute ere: "Gure eskubideak egiazki bermatuko dituen, euskararen ezagutza eskubide sozial eta unibertsala izatea lortu eta euskaraz bizitzea posible egingo duen zoru berri bat aldarrikatzen dugu".
Euskararen auzia "auzi politikoa" dela erranik, euskararen normalizazioa zertan datzan ohartarazi du euskalgintzak: "Hizkuntza eskubideak bermatzeko urratsak ematea da, justizia soziala eta gizarte kohesioa sendotzea, bizikidetza indartzea, askatasunean eta demokrazian sakontzea".
Hemen Euskalgintzaren Kontseiluak zabaldutako bideoa:
Helegitea tramitera onartu ere ez
Euskarazko B2 eskakizuna zuten bi udaltzain lanpostu baliogabetu zituzten epaileek iazko urtarrilean, euskara eskatzea "diskriminatzailea" izan zitekeela iritzita. Donostiako Udalak helegitea jarri zuen epaia baliogabetzeko asmoz, baina otsailaren 6 honetan jakin da helegitea tramitatzeari ere ezezkoa eman diola EAEko Justizia Auzitegiak. Epaileek helegitearen edukia ez dute aztertu eta helegitea jartzeko "interes objektiborik" ez dagoela ondorioztatu dute. Hori horrela, irmoa da euskaren eta euskal hiztunen aurka doan epaia.