argia.eus
INPRIMATU
Botere ekonomikoak asaltora
  • Esperientziak esaten digu gure gizarte modernoak –salbuespenak salbuespen– ez direla beren bozeramaileak aukeratzen dituzten herritarren ordezkaritzarekin gobernatzen. Botere ekonomikoak dira, beren terminal mediatiko eta politikoekin, erabakiak baldintzatzen dituztenak.

Juan Mari Arregi 2020ko urtarrilaren 09a

Burtsaren Ibexak (bankuak, eraikuntza enpresak, elektrizitate konpainiak, etab.) inposatzen ditu erabaki horiek. Injustizia, desberdintasuna, prekarietatea eta lurraldetasun politikak inposatzen ditu, bere interesak  eta etekinak babesteko gehiengo sozialaren aurrean.

Espainiako Estatuan koalizio-gobernua dago orain, printzipioz aurrerakoia dena, eta Kataluniako, Euskal Herriko eta Galiziako ezkertiar independentistei esker sortua, baita euskal alderdi nazionalisten babesari esker ere. Oraindik gizarte-neurririk eta lurralde-konponbide politikorik ezarri ez duen arren, botere ekonomiko horien danborrak areagotzen ari dira, alarma eraginez. Gobernu aurrerakoi berria eratu aurretik, eta inbestidura garaian, botere ekonomiko horiek, guztiz muturrekoak bilakatu diren eskuineko talde politikoen bidez saiatu dira bitarteko guztiak erabiltzen gobernu hori sor ez zedin.

Eta jarraituko dute bidegabekeria, langabezia, pobrezia, desberdintasuna, prekarietatea, genero-indarkeria, klima-aldaketa eta lurralde-irtenbide politikoen alde eraginkortasunez borrokatzen duen edozein gobernu erasotzen.

Espainiako Gobernu ustez aurrerakoi hori ez da Euskal Herriari dagokiona, haren jaiotzan lagundu badugu ere. Dena den, gure subiranotasun nazionala berreskuratzeke dagoenez, bere erabakiek gure interes politiko, laboral eta sozialei eragingo diete. Horregatik, hemendik ere erne egotea komeni da, eraso hori eragozteko.