argia.eus
INPRIMATU
Botagurea

Uxue Apaolaza Larrea 2023ko abuztuaren 01

Angulak probatu dituztenetakoa naiz: gulak oinarri hartu behar izan ditut noizbait zer arraio diren azaltzeko. Mariskoa bizirik egosi dugu: txikitan, arrandegiko izotz artean, ikuskizun hipnotikoa, erdi beldurgarriak ziren itsaski bizidunen mugimenduak. Foiea erruz jan dugu, mi cuit edo fresko, piku marmeladaz. Hilabete baino gutxiagoko oilaskotxo erre indibidualak gozatu ditugu. Eta euskara klaseetan, txuria eta txikia esan ondoren, jakia eta xamurra esan diet arkumea asma zezaten. “Jakia?” harritu da ikasle bat. “Jaki moduan definituko zenuke arkume bat?”. Nire “nola bestela?” aurpegia, beharbada, belaunaldi arteko amildegi bat zen.

Nola ez, lehen erreakzioa “gure garaian” bat izan zen. Gure garaiko ekologismoa. Vía campesina ekologismoa. Produkzio sistema osoa auzitan jartzen zuena, behetik gora, landatik hirira, desazkundea bezalako kontzeptuak eman zituena, Jose Bove traktore batez McDonald's bat birrintzen, mundu osoko zapalduak biltzeko gai zen mugimendu bat, ezkerra globalizatzeko modu bat. Elikadura burujabetza azaldu zen hauteskunde programetan, eta, nola ez, betiko eroen beste zorakeria bat irudi zezan erridikulu egin zuten. Zuena Bambi ekologismoa da, Igeldoko baserritar baten aurka oldartzen zarete behiak jezteagatik, baina ez duzue arazorik hiri ez-jasangarrietan bizitzeko, hegazkina etengabe hartzeko. Ekologismoa dieta bihurtu duzue.

Uda hasi orduko bizi ditugu jada lehen petardo egunak, eta ikusi ditugu dardaraka gure bizikideak. Eta sokamuturra programa ofizialetan da oraindik, gure belaunaldiaren marka lotsagarri, gizontasunaren ikur: saldoan askoz ahulagoa den norbaiten gainean indartsu, barregarri, boteretsu… Eta gazteenek horrorea seinalatu dutenean, tradizioa eta giro on eta jatorra defendatzeko plataformak sortu dira, eta “iritzi guztiak” kontuan hartu behar direnez, tortura egunak murriztu ditugu. Bejondeigula. Hernanin agindu digute enuntziatuak legera egokituko dituztela datozen urteetan gure haurrek animalien sufrimenduarekiko gor izan daitezen hastapen klaseekin jarraitu ahal izateko (lege berriren batek oztopatu du aurten), zezen txikien eta pottoken zera beldurgarri batean. Asto karrerak ere ikusi ahal izango ditugu. Ea zer gehiago.

Berdin zait “gure garaian”, barre egin diezaiokegu begetarianoari, barre bigantxari, zezenari, astoari… egiten dioguna gaizki dagoela esaten digunari. Kontuz ibili beharko dugu aurtengo udan ere, guztiz idiotak ez bagara, gazteenak esaten ari zaizkiguna nolabait garunera filtratu bazaigu, irailean ispilura begiratu eta gai izan baikaitezke, azkenean, geure aurpegi ekologistaren lekuan, barruan daraman indarkeria baretzeko gladiadoreak hondarretaratzen dituen psikopata ikusteko. Eta ez zaigu gustatuko. Niri bada denbora bat sokamuturra urrunean antzeman, eta botakagurea jartzen zaidala.

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2023 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]