Rock alternatiboa egiten duen laukote baztandarrak 2019an kaleratu zuen Ihesi doaz animaliak, eta pandemia heldu zenez geroztik isilik egon da. Orain arte. Seigarren lana izango du Deus (Usopop, 2024). Lehen singlea kaleratu dute, Egia, begira deiturikoa, eta azaroaren 11n estreinatuko diskoa.
Satorrarena, sator aritu gabe. Burua atera du kobazulotik Kaskezur talde nafarrak, bost urteko isilaldiaren ondotik, bitarte horretan deus pasako ez balitz bezala (pandemia!). Etxean entzerratu beharrak eragin zuen Kaskezurren eta gameluen –aurreko diskoaren portadako irudia– geldialdi praktikoa ere. Baina erabat geldirik ez dira egon: Mendiak 1976 dokumentalerako kantua egin zuten duela bi urte.
Entzerratze behartua amaiturik, bistan da, munduak bere horretan –edo okerrago– segitzen du, baita Kaskezurren inkonformismoak ere. Lehen mintzagaia, barrura begirakoa: “Deus ez da ezer eta zerbait da. Gu ere zerbait gara eta ez gara ezer”. Horixe azaldu dute prentsa oharrean eta gogoeta distortsionatuagoak ere egin dituzte: “Nola azaldu zer den edo zer ez den kantu-bilduma hau? Betiko jolasean jarraitzen dugu guk”.
Betiko maneran, baina beti-betikoa izan gabe. 2008an lehen pausoak eman zituztenetik, aldatu dira zenbait gauza. Esaterako, Azpisugeak (Mukuru, 2017) diskotik Ihesi doaz animaliak-era (Mukuru, 2019) soinuak gardenago egin bazituzten, Gorka Bereziartuak elkarrizketa honetan jaso moduan, orain urrats bat gehiago eman dute bide horretan. Argi nabari daiteke hori Deus (Usopop, 2024) disko berriko Egia, begira aurrerapen-abestian. Memoria oneko –edo sarean berrarakatzen duen– entzule fidelak aurreko diskoko Animaliak abestiaren amaieraren tankera hartuko dio. Biak elkarren segidan entzunda, ordea, berehala ohartzen da bat ahotsak bestelako tonua duela, garbiago grabatua dagoela, baina, bestelakotuta ere, izaera bortitzak hor egoten jarraitzen duela.
Ez dugu galdu aukera, bizitzakoa / Ez dugu galdu ere ez, bizitzekoa. Hitz horiekin hasten da Egia begira kantua, baina aurretik badute emakume ahotsezko koro bat, bibra onez, baieztapenaz gaindiko mezua abesten duena: Nola galdu aukera, bizitzarena / Nola galdu ere, bizitzekoa. Geroxeago diote kantuan, erabakiak zero, damuak gero; eta iraganeko ahalegin eta eginei aitortza: Egin genuena, egingo duguna baino gehiago baita. Eta han, pentsamendua iristen ez den leku hutsean. Egia, begira. Egia, begira.
Aurrera “beldurrik gabe” segitzeko aldarria, ez dutelako deus galtzeko, “eta deus galtzen badugu ere, berdin”. Hori esanda, aurreko diskoko Buztinezkoa kantuko aldarria berreskuratu du taldeak, “librea, naturala, jarraia eta ibiltaria”.
Deus, azaroaren 11n argitara
Berrituta dator Kaskezur, disko berriarekin ez ezik, Usopop diskoetxearekin estreinako lana baitu Deus. Besteak beste, Haira, Rüdiger eta Bananas taldeen argitaletxe baxe-nafartarra da Usopop.
Seigarren diskoa izango du Kaskezurrek. Azpisugeak-en teklarekin asmatu eta Ihesi doaz animaliak-en egonkortasuna topatu ostean, mantso eta poliki, ildo berari jarraikiz, detailetxoak sartu dizkiote diskoan.
Taldearen ohiko laukotea ekainaren hasieran egon zen grabaketa-lanetan. Zortzi abesti izango ditu guztira; Egia begira aurrerapen-kantuaz gain, hauek: Lotsaren teoria, Heldu eta badoa, Merkealdian, Algoerritmo, Hondamendia, Ginen herenegun eta Heldu gara mugara.