argia.eus
INPRIMATU
Bost euskal preso hurbilduko dituzte, horietako bi Euskal Herrira
  • Ondorengo presoak lekuz aldatu dituztela iragarri dute asteazkenean Espainiako espetxe erakundeek. Euskal Herrira bi ekarriko dituzte: Oier Andueza Basaurira eta Oskarbi Jauregi Martutenera; beste hiru Zuerara eramango dituzte, 250 bat kilometrora: Mikel Azurmendi, Maite Pedrosa eta Joseba Lerin Sanchez. Bost preso hauek Picassenten (Herrialde Katalanak), Teixeiro (Galizia), Murtzia II (Espainiako Estatua) eta Puerto I (Espainiako Estatua) espetxeetan daude orain. Euskal Herritik bereziki urrun dauden bost preso dira, eta beren senide eta lagunek batazbeste 1.456 kilometroko joan-etorriak egiten dituzte bisitan joatean. Azken hilabetean presoen lekualdatze ugari izan da, aurreko hilabeteetan baino gehiago eta zazpi lekualdatu dituzte, hiru hurbildu eta beste hiru aske geratu dira.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko azaroaren 11
Dozenaka milaka lagun batu izan dira azken urteetan euskal preso politikoen alde Bilboko kaleetan. Osasun krisia dela eta, ezinezkoa dirudi datorren urte hasieran antzeko argazkirik ikusterik. (Dani Blanco)

Bost euskal preso politiko hurbilduko dituzte Euskal Herrira datozen egunetan, nahiz eta batzuetan lekualdaketak egiten bi aste ere igaro izan diren.

Oier Andueza Murtzia II-n zegoen (820 km) eta Basaurira ekarriko dute. Oskarbi Jauregi Teixeiron zegoen (600 km) eta Martutenera. Zuerako espetxera eramango dituzte, 250 bat kilometrora, Mikel Azurmendi eta Maite Pedrosa Picassentetik (600 km) eta Joseba Lerin Sanchez, Puerto I espetxetik (1.020 km)..

ETAko kide gisa delitu larriak leporatutakoak dira bost presoak, Maddi Ane Txoperena Iribarrenek Berrian informatu duenez. Bertatik ondorengo informazioa:

"Mikel Azurmendiri 1998an Sevillako PPko zinegotzi Alberto Jimenez Becerril hiltzea egozten diote, eta Maite Pedrosari, horren konplize izatea. Azurmendiri, halaber, 36 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 1994an Miguel Peralta Utera armadako tenientea hiltzeagatik, eta 1996an Kordobako armadaren aurka lehergaiak jartzeagatik ere zigortu zuten. Maite Pedrosak 230 urteko espetxe zigorra du ETArekin lotutako hainbat delitugatik, eta 1998tik dago preso. Espetxe Erakundeen arabera, espetxe legedia onartu du Pedrosak, eta ETArekiko deslotura adierazten duen idatzi bat aurkeztu du. Bigarren gradua ere eman diote Pedrosari. Lerin Sanchezi 2005ean Deniako hotel batean (Alacant, Herrialde Katalanak) egindako atentatua leporatzen diote.Oskarbi Jauregiri 2001an Mikel Uribe ertzainaren hilketarekin kolaboratzea leporatzen diote, baita Gorka Landaburu kazetariari 2001an bonba-liburu bat igortzea ere. Andueza ere ETArekin lotuta dago espetxean, hainbat hilketa saiakera leporatuta".

Oraindik dozenaka preso 1.000 kilometro baino urrunago

Naizen nabarmendu dutenez, nahiz eta AVT biktimen elkarteak esan arren ehun preso inguru hurbildu dituztela Euskal Herrira, hori ez dela horrela, eta gainera, oraindik espetxe horietan 80tik gora preso daude etxetik 600 kilometro baino urrunago dauden espetxeetan. Eta 1000 kilometroen bueltan 40 preso inguru daude.

Azpiko Etxeraten mapa ez dago eguneratuta, urriaren 6koa da azken eguneratzea, eta ordutik preso gehiago hurbildu dituzte azken hilabetean, baina informazio erabilgarria da begi kolpe batean ulertzeko nola dauden dispertsatuta euskal preso politikoak Espainiako eta Frantziako espetxeetan. Mapa hori eguneratu zutenetik, Etxeratek bere webgunean daukan albisteen zerrenda begiratuz gero, zazpi lekualdatu dituzte, hiru hurbildu eta beste hiru aske geratu dira.