argia.eus
INPRIMATU
Bost preso gehiago gerturatuko dituzte, hiru Euskal Herrira eta bi ingurura
  • Azken asteetan bezala, Espainiako Espetxe Erakundeek iragarri dute beste bost preso politiko gerturatuko dituztela, hiru Euskal Herriko espetxeetara eta beste bi ingurukoetara.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko martxoaren 05a
Arg.: Dani Blanco

Aitor Esnaola eta Mikel San Argimiro Soriatik Martutenera ekarriko dituzte, eta Asier Karrera Dueñasetik (Palencia) Zaballara. Josu Ordoñez Puerto I-etik (Cadiz) Salamancako Topaseko espetxera, eta Gorka Martinez Galiziatik El Duesora (Kantabria).

Iragarpena egiten denetik eta egiazki espetxez aldatu arte hainbat aste pasatzen dira orokorrean, eta pandemiak ez du horretan lagundu. 50 bat presoren lekualdaketa iragarrita bai baina gauzatu barik dago oraindik. Presoen Euskal Herriratzea eskatzen duten erakundeen ustez, aldaketa guztiak Euskal Herriko espetxeetara egin beharko lituzkete, gaur egun hauetan euskal preso politiko guztiak biltzeko lekua badago eta.

Horrez gain, aste honetan bertan, salatu dute gradu aldaketa prozesua geldotu egin dela azken hilabeteetan. Euskal preso gehienak oraindik lehen graduan daude eta apurka bigarren gradura aldatzen ari dira. Oso gutxi dira oraindik hirugarren gradua lortu dutenak. Hirugarren graduan, esate baterako, presoa egunean zehar kalera atera daiteke eta gaua pasatzera espetxera itzultzen da.