Iruñeko Udalaren aginduz, Poliziak iazko azaroan hustu zuen Jarautako blokea, hainbat egunez hura setiatu ostean. Bloke Sozialistan zirenei elkartasuna adieraztera joan ziren bost pertsona salatu zituen UPNk, eta salaketak mantentzea erabaki dute EH Bilduk, Geroa Baik zein Contigo-Zurekinek. Beraz, hurrengo asteazkenean izango da epaiketa, eta 13:00etan epaitegira bertaratzera deitu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak.
2023ko azaroaren 12an eman zuten berria Iruñean (Nafarroa): Jarauta kalean, langile kontrolpean jarri zuten bloke bat. Bertan bizitzen ari ziren jada hainbat familia eta pertsona: aurretik etxegabetuak izan ziren zenbait familia, indarkeria matxista jasan dutenak edota haurrak dituztenak; bai eta emantzipatu ezinik zeuden gazteak eta lan-arazoen ondorioz alokairu bat ordaindu ezin zuten zenbait lagun ere. Udalaren jabetzakoa da blokea; Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen (PCH-IB) udal enpresarena, hain zuzen ere.
Indarkeriaz erantzun zuen udalak: udaltzainen bidez, legez kontrako sarbide-kontrol bat ezarri eta Bloke Sozialista setiatuta izan zuen hainbat egunez. Hala, etxe barruan ziren pertsonak hainbat egunez mantendu zituzten bahituta, bloketik irten ezinik. Bost eguneko setioaren ondoren hustu zuen eraikina Poliziak, udalaren aginduz.
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak oraintsu salatu duenez, "argi geratu da Iruñeko Udalak nahiago duela etxebizitza horiek hutsik egotea eta, hala, funtzionalak izatea etxebizitzaren negozioari, bertan jendea bizitzea baino". Gogorarazi du, gainera, estrajudizialak izan zirela bai blokeko etxegabetzeak, bai "desokupazio-enpresek egiten duten moduan" ezarritako sarbide-kontrola ere.
Bost kideren kontrako salaketa eta alderdi guztien adostasuna
Udalak setioa indarrean izan zuen egunetan, jende ugari bertaratu zen Bloke Sozialistaren kanpoaldera, barruan zirenei babesa ematera eta elkartasuna adieraztera. Horietatik bost pertsona seinalatu zituen UPNk, eta euren kontrako salaketa bat jarri zuen. Horren ondorioz irekitako prozedura "UPN agintean zenean hartu zuen erabaki politiko baten ondorioa" dela argitu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak, eta "muntaia polizial batean oinarritzen" dela.
Dena den, "gaur egun udalean dauden alderdiek epaiketarekin aurrera jarraitzea erabaki dute", sindikatuak azaldu duenez. Alegia, "karguak atzera botatzeari uko egin" diote EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek, PSNren babesarekin. "Alderdi guztiek bat egiten dute, eskuinetik ezkerrera, jabetza pribatua defendatzen eta elkartasuna kriminalizatzen, etxebizitzarako sarbide doakoa defendatzen dugunon aurrean", ohartarazi du sindikatuak.
Elkartasuna kriminalizatuta
Beraz apirilaren 17an epaituko dituzte bost kideak, Iruñeko epaitegian. 13:00etarako hara bertaratzera deitu du Etxebizitza Sindikatuak, epaituak izango diren pertsonei babesa emateko. Epaiketa horrekin, "elkartasuna kriminalizatu" nahi dutela salatu dute Iruñerriko kideek: "Are gehiago zaildu nahi dute Etxebizitza Sindikatuon jarduna, eta zigortu nahi dutena etxegabetzeen aurkako borroka eta antolakuntza dira".