argia.eus
INPRIMATU
Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Reala eta Erromaren arteko partidan izandako istiluen harira
  • Martxoaren 16an izan zen norgehiagoka, eta istiluak izan ziren bi taldeen arteko zaletuen artean. Orduan hiru lagun atxilotu zituen, eta Ertzaintzak jakitera eman du operazioa zabalik dagoela eta atxilotu gehiago egon daitezkeela.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 20a

Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, martxoaren 16an Reala-Erroma futbol partidan izandako istiluen harira. 27 eta 41 urte artean dituzte, eta Donostian, Durangon, Lezon eta Arrasaten eraman dituzte atxilo. "Desordena publikoa eta kalteak eragitea" egotzi diete, eta Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utzi dituzte. 

Istiluak izan ziren egunean Reale Arenan jokatu zuten Europa Ligako partida bi taldeek, eta norgehiagoka hasi aurretik talde italiarraren zaletuak zeramatzan autobus bat zelaiaren ondoan gelditu zen. Orduan, Gedar-en arabera, talde antifaxista batek haien aurka jo zuen eta istiluak izan ziren bi taldeen zaletuen artean. Ertzaintza pilotakadaka gerturatu zen liskarren ingurura, eta inguruan zeuden zenbait pertsona zauritu zituen.

Hiru lagun atxilotu zituen orduan Ertzaintzak, 19 eta 31 urte artekoak. Barne Sailak jakitera eman duenez, operazioa zabalik dago eta atxiloketa gehiago egon daitezke.