argia.eus
INPRIMATU
Bost koadrila Gasteizko Blusen eta Nesken batzordetik irten dira zuzendaritzarekin desadostasunak direla eta
  • Bost koadrilak Gasteizko Blusen eta Nesken batzordea utzi dute. Egungo batzordearekin ordezkaturik ez sentitzearen ondorioz laga dute taldea, gutun batean azaldu dutenez. Bost koadrila horiei 1.500 euroko isuna jarri zitzaien abuztuaren 9an plazarako ohiko kalejira egiteagatik, egun hartan martxa batengatik aldatu baitzen eraso sexista baten ondorioz.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko azaroaren 21a

Los Bainas, Los Martinikos, Gasteiztarrak, Batasuna eta Biznietos de Celedón koadrilak izan dira batzordea uzteko erabakia hartu dutenak.  Proiektu berri bati hasiera emango diotela adierazi dute, “festez gozatzeko koadrilen interes komunak landuz”.  Koadrila hauen irteerarekin 21 geratzen dira batzordean eta guztiek bertan jarraitzeko prestutasuna adierazi dute.

Eraso sexista baten ondorioz aurkezpen-paseoa martxa batengatik aldatzeko erabakia hartu zuen batzordeko zuzendaritzak. Bost koadrila horiek uko egin zioten erabakirikoa betetzeari eta aurrera jarraitu zuten. Ondorioz, 1.500 euroko isuna ezarri zitzaien. Bost koadrila hauen esanetan, aldebakarreko erabakia izan zen aldaketa, orduango presidenteak bozketara dei egin gabe hartua.

Batzordea utzi dutenen artean Biznietos de Celedón eta Batasuna taldeak daude, handienetako bi. Azken honek jada batzordearen aurka egin zuen festetan Asto karrerak bertan behera utzi ostean.

Batzordeak Blusen eta Nesken talde guztiak hartzen ditu bere baitan eta estatutu batzuen arabera funtzionatzen du. Batzordearen zereginen artean koadrilak koordinatzea, ikuspuntuak bateratzea eta diru laguntzen kudeaketa daude besteak beste. Batzordearen babespean koadrilek 60 ekintza inguru antolatzen dituzte.

Udalak jakinarazi duenez, batzordeak jarraituko du koadrilekin harremanak mantentzeko mintzaide gisa.