argia.eus
INPRIMATU
Bost kilometro, bost gune eta mundu bat Bergaran Aranzadi ikastolarekin
  • Kilometroak'16  ospatuko dute igandean Bergaran, Aranzadi ikastolaren eskutik, Demasa lelopean. Gipuzkoako ikastolen jaialdiak 40. edizioa izango du aurtengoa.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 29a

Igandean milaka euskaltzale bilduko dira Bergaran Kilometroak'16an. Aranzadi ikastolak denak prest du jaialdirako eta azken xehetasunen berri ere eman du. Egun osoan lortutako dirua ikastolaren eraikinaren obra egiteko eskatutako maileguak ordaintzeko erabiliko dute.

Bost kilometro izango ditu ibilbideak eta bost gune handitan banaturik egongo da. Egunean zehar mota guztietako ekitaldiak egingo dituzte (puzgarriak, pailazoak, musika kontzertuak...), eta horrez gain txosnak eta jantokiak ere jarriko dituzte, beste zerbitzu ugariren artean. 1.500 boluntario ariko dira lanean.

Aurreikusiz jende asko joango dela Bergarara, garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute arduradunek. Horrez gain, beste urtetan bezala, Ampo enpresarekin elkarlanean bizikletentzako biltegiak atonduko dituzte. Eraso sexistak prebenitzeko neurriak ere hartu dituzte, urtean zehar lanean aritu baitira gai horri begira, eta protokolo bat eratu dute.

Kilometroak-eko arduradunen esanetan, igandeko jaialdiak helburu ekonomikoa izatez gain, helburu soziala ere badu: "Urte honetan eta jaiak bertan adimen, adin, pentsaera, sentimendu, joera, jatorri, hizkuntza, gaitasun desberdin horiek guztiak batzea eta elkarrekin lanean jartzea Kilometroen, euskararen eta ikastolen mesedetan".