argia.eus
INPRIMATU
Bost hilabetez kobratu barik egon ostean, Bizkaiko Correoseko langileek greba mugagabea abiatu dute
  • Correos posta-zerbitzuak garbiketarako azpikontratatutako Limpiezas J. Cordoba enpresako langileek salatu dute bost hilabete daroatzatela soldata kobratu barik eta, egoera konpontzeko neurririk hartu ez delakoan, greba mugagabera joatea erabaki dutela jakinarazi du ESK sindikatuak. Besteak beste, aldarrikatzen dute Correosek zerbitzua barneratzea, azpikontratatutako enpresaren lan-baldintza prekarioak direlako.

Hiruka .eus Iker Rincon Moreno 2023ko azaroaren 03a
ESKren argazkia.

Langileek salatu dutenez, Limpiezas J. Cordoba enpresak Correoseko garbiketa-zerbitzua bere gain hartu zuen joan den abenduan eta, ordutik, astero mobilizazioak egin dituzte haien nominak jasotzeko epea atzeratu edo, zuzenean, ordaindu ez zaizkielako. Egoera konpondu beharrean, deitoratu dute oraindino ere kobratu gabe jarraitzen dutela uztaileko nomina eta aparteko ordainsaria, ezta abuztu, irail eta urriko soldatak ere. Diote ahaleginak egin dituztela egoera konpontzeko, baina ez dela elkarrizketarik ez negoziaziorik egon, ez azpikontratatutako enpresagaz, ezta Correos sozietateagaz ere. "Beraz, egoera horren aurrean, greba mugagabera goaz, gure eskubideak defendatzeko, hau guztia konpondu arte", azpimarratu zuten joan den urriaren 30ean.

ESK sindikatuak zabaldu duenez, "ezinezkoa" da 24 milioi euro baino gehiago mugitzen dituen kontratu publiko bat duen enpresa batek langileak kobratu gabe uztea: "Correos, berriz, garbiketa-enpresari ordaintzen ari da, diru publikoa da eta, beraz, erantzukizunak eskatzen ditugu".

Grebara doazen langileek azpimarratu dute Correoseko beharginak direla, nahiz eta azpikontrata batean egon, eta, hori dela eta, Correosek zerbitzua barneratzeko eta "enpresa piraten" esku uzteari uzteko unea dela aldarrikatu dute. "Enpresa horiek diru publikotik etekin handiena ateratzea baino ez dute helburu, langileen eta zerbitzuaren lan-baldintzak prekarizatzearen kontura", azpimarratu dute.