Haurren kontrako indarkeriaren gotorlekua familia nuklearra dela, gaiaren inguruan isiltasuna eta beldurra direla nagusi, haurrari ez zaiola sinesten, epaitegietara iristea lortzen duten kasu gehienak artxibatzen direla… eta hori guztia gizarteratzea premiazkoa dela dio “Haurren kontrako indarkeriarik ez!” plataformak. Eman duten datua beldurgarria da: salaketak aintzat harturik, 13 urtetik beherako lau nesketatik batek eta zazpi mutiletatik batek sexu-abusuak jasan ditu noizbait.
Datu eskasia dago. Azken finean, haurren erasotzaileak hurbileko senideak dira kasuen %90ean, eta “etxeko kontuak” kanpoan ez haizatzeko joerak, eta heldu baten aurrean umeak daukan zaurgarritasun egoerak ez dute laguntzen. Gainera, maiz ez ditugula haurrak sinesten salatu du plataformak, ez dela haurraren hitza kontuan hartzen.
Justiziarik ez auzitegietan
Epaitegietan ere asko dago egiteko, kritikatu du plataformak: “Zehazki, sexu-abusuen kasuan, salaketa gehienak ez dira epaitegietara iristen, eta ailegatzen diren horiek, trabaz betetako bide bati egin beharko diete aurre. Haurrak sexu-abusua egon dela demostratu beharko du sistema judizialaren aurrean (edozein adinekoa dela), testigua gehienetan ama izan ohi da eta amen hitza zalantzan jartzen da sistema judizialaren egitura patriarkala dela-eta. Batetik, amak sexu-abusuak jasan dituzten bere seme-alabak manipulatu dituela argudiatuta, eta epaitegian gezurra esan duela iritzita, seme- alaben zaintza kentzerainoko prozesuak daudelako, gaur gaurkoz. Bestetik, epaitegietan, kasu horietan dagoen geldotasuna kontuan hartuta, auziak aurrera jarrai dezan aparteko abokatu bat behar izaten delako”. Emaitza: epaitegietara iristea lortzen duten salaketen kasu gehienak artxibatu egiten dira.
Ildo horretan, eskaera zehatza egin dute: “Abusu sexualen testigantza langile publikoz babestuta dagoenean (berdin zaigu peritu medikua izan, forentsea, zerbitzu sozialetako langileak) hori botere judizialak errespetatu beharra du”.
Ekainaren 24an, manifestazioa
“Zer dela eta ez dira ezagutzen, epaitzen eta kondenatzen kasu hauek guztiak? Bost haurretatik batek sexu indarkeria jasaten badu, zenbat erasotzailerekin batera elkar bizi gara?...”. Indarkeria honi gizarte gisa ere erantzutea beharrezkoa dela ulertuta, begiak zabaltzera eta gogoetatzera deitu dute plataformako kideek, eta manifestazioa iragarri dute, ekainaren 24rako. Algortako Telletxetik aterako da, 13:00etan, “Haurren kontrako sexu indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez!” lelopean. Manifestazioa babestu duten eragileak beheko kartelean ikus ditzakezu.
Gaiaz artikulua kaleratu genuen Argian: Familia, isiltasun gotorleku