EAEko ikasleen erdiak baino gehiagok eskola partikularrak jasotzen dituela eta jatorri migratzaileko ikasleak gehien segregatzen dituen Espainiako Estatuko bigarren erkidegoa EAE dela ere adierazi du Esade EcPol erakundeko Lucas Gortazarrek, EHUren udako ikastaroetan.
Legegintzaldi pare batean hamar ikastetxetik bat-bi ikastetxek ateak itxi ditzaketela EAEn, arrisku hori gainean dagoela eta oso kontuan hartu beharrekoa dela dio Lucas Gortazarrek. Horren atzean bi arrazoi daudela nabarmendu du: batetik, jaiotze tasaren beherakada, eta bestetik, baliabide publikoak beste arlo batzuetara bideratzeko presioa, Osasuna, Zerbitzu Sozialak eta Segurtasuna tarteko. “Oso serio hartzekoa da eta hezkuntza sare guztiei eragingo die”. Gizartean gatazka handia sor dezakeela ere gehitu du.
Hezkuntza politikei lotutako azterketak egiten dituen Esade EcPol erakunde akademiko eta ekonomikoko kidea da Gortazar, eta erakunde horretako hainbat ondorio aurkeztu ditu udako ikastaroetan, El Diario Vascon jaso dutenez.
Jatorri migratzaileko ikasleen segregazioa handia da EAEn eta datuak “kezkagarriak” dira; horra Gortazarrek azpimarraturiko beste ondorio bat. Esade EcPol erakundeak Save The Children-ekin batera egindako txostena ardatz hartuta, 2018tik 2022ra segregazioa gutxitu egin dela dio, baina oraindik ere Espainiako Estatuan gehien segregatzen duen erkidegoa dela, Kataluniaren atzetik. Alegia, sare publikoan kontzentratzen dela jatorri migratzaileko ikasle gehien, itunpeko sarearekin alderatuta. Hain justu, segregazioa izan da berriki onartutako hezkuntza legearen eztabaida nagusietako bat.
"Eskolak ez baditu behar diren tresnak gizarte-inklusioa bermatzeko, komunitate ezberdinak sortuko dira, ghettoak, eta ondorioak izango ditu"
El Diario Vascok berak gaiaz galdetu dio Iñigo Lamarca Arartekoari –Arartekoa izan da EHUko ikastaroa antolatu duena–, eta politika berriak diseinatzearen alde agertu da Lamarca: "Datuak hor daude, etorkinen kopurua askoz handiagoa da sare publikoan pribatuan baino, denok dakigu zein tranpa egiten diren nahi dituzten ikasleak izateko. Lehenik Gasteizen eta Bilbon izan zen, baina zabaltzean joan da". Garbi du Arartekoak: "Eskolak ez baditu behar diren tresnak gizarte-inklusioa bermatzeko, komunitate ezberdinak sortuko dira, ghettoak, eta ondorioak izango ditu: auzoak gentrifikatuko dira, populazioa handiagoa izango da eta horrek eguneroko bizitzan eta euskararengan ere eragina izan dezake".
Gehienak partikularretara
Espainiako Estatistika Institutuaren 2020ko datuak ere hizpide izan ditu Gortazarrek: datu horien arabera, Estatuan eskola partikularretara ikasle gehien doazen erkidegoa da EAE. Zehazki, ikasleen %56k jasotzen ditu eskola partikularrak, eta horrek ere zer pentsatua eman beharko liguke.