argia.eus
INPRIMATU
Bost greba egun deitu dituzte Bizkaiko metalgintzako langileek irailean eta urrian
  • Astearte goizean Bizkaiko metalgintzako hitzarmena adosteko negoziazio-mahaia bildu zen, eta mahaian dauden sindikatu guztiek greba egunak deitu dituzte irailaren 30etik urriaren 4ra.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 13a
Artxiboko irudia.

Greba deitu dute LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek Bizkaiko metalgintzan, irailaren 30etik urriaren 4ra, FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak eskainitakoa “txikikeria” dela argudiatuz. Sindikatuen arabera, patronalak ez dio erantzun maiatzaren 10ean luzatu zieten eskakizunari, eta konponbiderik eskaintzen ez dutela gehitu dute.

Greba deialdiaz gain, sindikatuek manifestazioa deitu dute irailaren 21ean, Bilbon. Patronalak eskaintzetan atzera egin duela ere salatu dute, malgutasun eta baja kontuetan “elementu atzerakoiak” daudela baitiote.

Luzerako borroka

Bizkaiko metalgintzako langileek hilabeteak daramatzate lan baldintza hobeak lortzeko eta hitzarmena hobetzeko borrokan. Ekainean izan zen borrokaren puntu gorena, hainbat egunetako greba egitea lortu baitzuten. Ekainean egin zuten laugarren greba egunean liskarrak izan ziren langileen eta ertzainen artean goizean goizetik. Langileek piketeak, errepide mozketak eta manifestazioak egin zituzten, eta Ertzaintzak gogor egin zuen hauen aurka; zaurituak ere izan ziren.