Udaltzaingoaren dozenaka agentek borra zabalgarriekin kargatu dute Gasteizko gaztetxea eta bost gazte atxilotu dituzte. Epailearen aurrean deklaratzeko zain aske geratu dira dagoeneko, Hala Bedi irratiko webgunean irakur daitekeenez.
Urtarrilak 1eko goizeko bederatziak aldera jazo ziren gertakariak. Festa giroan zeuden pertsona batzuen testigantzen arabera, gaztetxe barruan eta inguruetan zeuden pertsonen aurka “hitzik esan gabe” kargatzen hasi ziren udaltzainak. Duela 30 urtetik okupaturik dagoen eraikinean inolako baimenik gabe sartu zirela ere azpimarratu dute.
Hiritarren Segurtasun Sailaren arabera, agintaritzari eraso egin izana leporaturik atxilotu dituzte bost gazteak. Hala ere, zabaldu diren irudietan ez da agenteen aurkako erasorik ikusten.
Gaztetxearen aurkako azken polizia-jardunari buruz egin diren interpretazioen ondoren, gaztetxea ez dutela hustu argi utzi nahi izan dute asanbladako kideek. Udalaren jarrera “probokatzailea” ere salatu dute,“bistan da ez direla horrela oldartzen bestelako lokaletan. Ez dugu inoiz ezagutu ‘zarata’ kontu batengatik gaurkoa bezalako erantzun errepresiboa ekarri duen beste kasurik”.
Gertakarien inguruan argibide zehatzik gabe jarraitzen dutela adierazi dute gazteek, “oraindik ere ez dakigu zergatik sartu diren hamarnaka munipa jarrera mehatxatzailearekin, inolako azalpenik eman gabe eta elkarrizketarako inongo abagunerik eman gabe".
Istiluetako bideoa (Gasteiz Berri):