argia.eus
INPRIMATU
Bost euskal preso Euskal Herriratuko ditu Espainiako Gobernuak, Jaurlaritzarekin koordinaturik
  • Lexuri Gallastegi, Zigor Blanco, Gorka Lupiañez, Jose Maria Novoa eta Ion Troitiño dira Euskal Herrira hurbilduko dituzten euskal presoak. Joan den urritik EAEko espetxeetako eskumena Eusko Jaurlaritzarena da eta berak erabakiko du horietako bakoitza zein espetxera mugitu.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 09a
EAEko espetxeetara garraiatuko dituzte bost eusal presoak, irudian Basaurikoa.

Ohar bidez jakinarazi dute Espainiako Gobernuko Espetxe Erakundeetatik beste bost euskal preso Euskal Herriratuko dituztela laster. Azaldu dutenez, lekualdaketa Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailarekin “koordinaturik” egingo dute, “bakoitzaren eskumenen barruan”.

Zigor Blanco Asturiasen dago momentu honetan eta 2018ko martxoan bete zituen zigorraren hiru laurdenak; Lexuri Gallastegi Zaragozan dago eta 2031n beteko ditu hiru laurdenak; Logroñon dagoen Gorka Lupiañezek datorren urtean beteko ditu espetxe-zigorraren hiru laurdenak, Jose Maria Novoaren gisan; azken hau Leonen dago; Jon Troitiño ere Logroñon dago, eta hiru laudenak ez ditu 2040 urtera arte beteko.

Espainiako Gobernuak azaldu duenez,”dagokien” EAEko espetxera garraiatuko dituzte euskal preso horiek. Urritik Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeak. Justizia sailak, baina, oraindik ez du argitu horietako zein espetxera eramango dute preso bakoitza.

Hain justu, gaur bertan Etxeratek jakinarazi duenez, beste euskal preso bat hurbildu dute Euskal Herriko espetxe batera, Juan Karlos Herrador donostiarra, El Duesotik (Kantabria) Basaurira.