argia.eus
INPRIMATU
Bost etxebizitzetatik bat bigarren etxebizitza da Ipar Euskal Herrian
  • EH Baik herrien sarreretan panelak jarri ditu, toki horietako bizitokien kopuruak eta proportzioak erakusteko. 42.743 etxebizitza hutsik egon dira gutxienez zortzi hilabetez. Bigarren etxebizitza gehien Lapurdiko kostaldeko herrietan daude.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 21

Bost etxebizitzetatik bat bigarren etxebizitza da Ipar Euskal Herrian. Hala salatu du EH Baik larunbatean egindako operazioan; panelak jarri ditu herri sarreretan, etxebizitza krisiaren inguruko datuak azaleratzeko. Ondoren, Getarian agerraldia egin du, Frantziako estatistika eta ekonomia ikerketarako nazio institutuak (INSEE) 2019an egindako erroldatik ateratako datuak aurkezteko.

Lapurdiko kostaldea da bigarren etxebizitza gehien dauden zonaldea. Esaterako, Getarian gehiago dira bigarren etxebizitzak, lehen bizitokiak baino. Biarritzen edo Donibane Lohizunen, berriz, etxebizitzen %40 baino gehiagotan ez da inor bizi urteko egun gehienetan.

2021ean ere salatu zuen mugimenduak etxebizitzen auzia. Orduan, 2019ko datuak hartu zituzten kontuan. Urtebetean, 2018tik 2019ra, 498 bigarren etxebizitza gehiago zeuden, guztira 5.617. Gutxienez zortzi hilabetez hutsik egon diren etxebizitzak, berriz, 42.743 dira.

Etxebizitza sozialen bikoitza

EH Baik etxebizitza sozialekin alderatu ditu bigarren etxebizitzak. Salatu duenez, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %76 etxebizitza sozialetarako hautagai den bitartean, bigarren etxebizitza kopurua lehenengoen bikoitza da. Nikolas Blain EH Baiko koordinatzaile orokorrak aldarrikatu du bizileku politikan eta lurralde antolaketan aldaketa "erradikal" eta "globala" behar dela.

SRU legearen arabera, herri horietan bizitoki sozialen eskaintzak %25ekoa izan behar du. Ez dira kopuru horretara iristen, ordea: Donibane-Lohizunen %19 dira, Hendaian %16 eta Biarritzen %11. Baina EH Baik salatu du proportzioa are txikiagoa dela errealitatean. Izan ere, ehuneko hori lehen bizitokien kopuruarekin alderatzen da, eta bigarren etxebizitzak kontuan ez direnez hartzen, etxebizitza sozialen tasa hobetzeko baliatzen dute herri turistikoetan. Kontuan hartuko balira, EH Bairen kalkuluen arabera, Donibane Lohizunen %10 baino ez lirateke etxebizitza sozialak, Hendaian %10 eta Biarritzen %6.

Etxebizitza krisiaren aurkako neurriak

EH Baik bigarren etxebizitzaren aurkako borrokan hiru neurri proposatu ditu: tentsiopeko lurraldea Ipar Euska Herrira hedatzea, zonalde horretako neurriak auzapezen eta herriko kontseiluen eskutan egon daitezen; bigarren etxebizitzen gaineko zerga berezia ezartzea; eta ikerketa bat martxan jartzea "Egoiliar Estatusaren egingarritasuna" aztertzeko.

Azkenik, apirilaren 1ean etxebizitza eskubidearen alde Baionan egingo den mobilizazioan parte hartuko duela adierazi du.