Ipar Euskal Herriko Xilaba bertsolari txapelketaren azken lehia jokatuko da ebiakoitza honetan, azaroaren 16an, Izturitze herrian (Baxenabarre). Bi talde iritsi dira finalera: Hasta la 2toria eta Ez Otoi Pentsa.
Hasta la 2toria-ko bertsolariak Lur Renteria, Maddi Sarasua eta Elixabet Etxandi dira. Ez Otoi Pentsa-koak, berriz, Miren Artetxe, Maddi Ane eta Josu Txoperena anai-arrebak.
Xilabaren berezitasuna taldekako lehia da. Lagunen abarora kantatzea errazagoa zaio bertsolariari, bakarka aritzean eraman ohi duen zama eramangarriagoa, alegia. Ezaugarri horrek konfiantza ematen dio plazan gutxiago aritzen den bertsolariari. Areago, bertsotan txapela irabazteko lehiatzeaz beste, elkarlanaren fruitua jasotzen dute bertsolariek.
Bertsularien Lagunak Elkarteko arduradun nagusiak –Xumai Murua– Izturitzeko saioaren aitzinean erran berri duenez, "Xilaban bertsolariak eta bertsolarien lagunak inplikatzen dira arras, agertokian nola agertokira igo aurretiko zereginetan elkarrekin aritzen baitira".
Bakarka aritzearen ezaugarriak berebizikoak dira bertsolari izateko. Alabaina, taldekako saioek harreman berezia sortarazten dute eta bertsolari gazteak publiko aitzinean kantatzen akuilatzeko baitezpadakoak bilakatu dira.
Ezaugarriak ezaugarri, Izturitzen kantatzeko gertu dauden sei bertsolarietatik bost emaztekiak dira.
Xilabaren finala Bertsularien Lagunak elkarteak eta Arberoa ikastolak antolatua da. Eguerdi aldean bilduko dira eta aperitiboaren ondoren 300 lagunentzat bazkaria atondu dute Izturitzeko Herriko aretoan. Bertsoaldia, berriz, arratsaldeko 16.30ean abiatuko da.