argia.eus
INPRIMATU
Bost egunez luzatu du Jaurlaritzak kulturgileentzako diru-laguntzak eskatzeko epea
  • Maiatzaren 25ean bukatzekoa zen kulturgileentzako diru-laguntzak eskatzeko Jaurlaritzak jarritako epea, baina beste bost lanegunez luzatzea erabaki dute: ekainaren 1era arte aurkeztu ahalko dituzte eskaerak baldintzak betetzen dituzten kulturaren alorreko langileek.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko maiatzaren 22a
Beatriz Artolazabal eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburuak diru-laguntzak iragarri ziren egunean (argazkia: Irekia).

Kulturgileek COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko diru-laguntzak jarri zituen martxan Eusko Jaurlaritzak: maiatzaren 12tik 25era arteko epea zegoen laguntza horiek eskatzeko, baina EAEko Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Lanbidek erabaki dute epea luzatu egingo dela: ekainaren 1era arte eskatu ahalko dituzte laguntzok alorreko profesionalek.

Iragarpen hori egitearekin batera, Jaurlaritzak argitu du laguntzak jaso ahal izateko Araubide Orokorrean edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda dauden langileei zuzenduta dagoen partida bat dela. Laguntzak eskatzen dituzten guztiengana iristea du xede Jaurlaritzak, baina eskatzaile guztien beharrak asetzeko aurrekonturik egongo ez balitz, notario bidez egingo den zozketak definituko luke nork jasoko duen laguntza eta nork ez –Jaurlaritzak aukera hori lehenetsi du, lehenbizi eskatzen duenak lehentasuna edukitzearen aurrean–.

Kulturaren Euskal Behatokiaren arabera, 6.834 lagunek egiten dute lan EAEn kultur eta sormen industrietan. Apirilaren erdialdean diru-laguntzak aurkeztu zirenean, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak azaldu zuen horien erdiek inguruk eskatuko dutela diru-laguntza beraien aurreikuspenen arabera, beste erdiak enpresa bati lotuta egonik, beste mota bateko laguntzak eskatzeko aukera izango luketelako.

Bi miloi euro kulturako mikroenpresentzat

2020ko EAEko aurrekontuetan adostuta zegoen 2,5 milioi euroko partida horretaz gain, Jaurlaritzak iragarri du bi milioi euro gehiago ere jarriko dituela, COVID-19aren krisiak kaltetutako sektoreko mikroenpresei zuzenduta. Enpresa horien egiturazko gastuei aurre egiten laguntzeko xedea izango du partida horrek.

Gainera, Elkargiren bidez, Jaurlaritzak aukera eskaini du autonomoentzako eta enpresentzako likidezia funtsera jotzeko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernuaren arabera, dagoeneko 405 finantzazio eskaera jaso dituzte kultura eta kirol arloan, eta momentuz 177 onartu dira.