Frantziako Musulmanen Kontseiluak (CFCM) musulmanen aurkako 54 gertakari identifikatu ditu Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoaren ondoren.
Asteazken gauean hasi ziren erasoak eta mehatxuak. Abdallah Zekri kontseiluko presidenteak Barne Ministerioak emandako datuak azaldu ditu: musulmanen aurkako 54 gertakari izan dira asteazken gauetik Frantziako Estatuan.
54 gertakarietatik 21 erasoak izan dira eta 33 mehatxuak. Dena den, datu horiek ez dituzte aintzat hartzen Parisen eta inguruetan gertatutako ekintzak, Politis agerkariak argitaratu duenez.
Zekrik uste du, gurtza musulmanerako lekuek zaintza handiago behar dutela kalean dagoen “gorroto eta mendeku goseari” aurre egiteko.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak esan du "oso kezkagarria" dela egoera eta euren eskuetan dagoena egingo dutela gurtza tokiak eta herritar guztiak babesteko.
Baionan bi eraso
Jatorri arabiarreko pertsonen kontrako pintaketak egin zituzten erasoaren ostean Baionako meskita batean Berriak jaso duenez. Bestalde, Sud Ouesten arabera, harategi bat eta fruitu eta barazki denda batek ere erasoa jasan dute, ustez Charlie Hebdoren aurkako atentatuarekin lotuta.
Erasoen mapa RT webgunean: