15 urte beteko ditu aurten Ahotseneak, eta hori ospatzeko bost eguneko egitarau oparoa izango da Durangoko Azokan. Askotariko 47 talde igoko dira taula gainera haien lanak aurkeztera.
Goizeko 11:00etatik 22:00etara etenaldirik gabe arituko dira musika taldeak 57. Durangoko Azokak iraungo dituen bost egunetan Ahotsenearen Plateruenako agertokian. Aurtengoan ere aniztasuna izango da nagusi egitarauan. Goxua N'Salsa, Neomak, Agur, Janus Lester, Keia, Irtera edota Mirua talde hasiberriak arituko dira, baina baita haien ibilbide luzean disko berria aurkeztuko duten Delirium Tremens, Willis Drummond eta Kokein taldeak, besteak beste.
Musika-estilo ugari tartekatuko badira ere, zalantzarik gabe rock eta pop doinuak izango dira nagusi. Horren adibide dira Maraca Diablo, Zakill, Sua, Piztiak, Hibai, Kurkuma, Saia Goait, Ezpalak, Pasadena, Assata, Asla, Kyxo, Rukula, Rodeo, Dukkha, Fufu, Mice, Txost!, Orbel, Burutik, Kristonak edota Mairu taldeak. Baina ez da musika-estilo bakarra izango. Adibidez, pop elektronikoa presente egongo da Merina Gris eta Lumi taldeekin; Bengok eta Odeik hip-hopa eramango dute Ahotseneako agertokira; Bolbora eta Sutan taldeek ska-reggaea landuko dute; Mugan taldearen folk doinuak; jazza eta soula Arima Soul bandaren eskutik...
Urtero bezala, bakarlariak ere ez dira faltako Azokan. Euren lan berriak aurkeztuko dituzte Ahotsenean Olaia Inziarte, Ilargi, Peru Galbete, Esti Markez eta Watson bakarlariek. Ines Osinaga musikariak ere bere proiektu berria aurkeztuko digu eta Bilaka kolektiboak dantza eta musika uztartuko ditu emanaldi oso bereziarekin. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. Kontzertu guztiak, gainera, zuzenean jarraitu ahal izango dira streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunean.