argia.eus
INPRIMATU
Bost eguneko grebari ekin diote Trapagarango Amazoneko langileek
  • Enpresaren jarrera “larria” salatu dute langileek. Eskaeren artean, jaiegunetan lan egiteagatiko konpentsazioak eta KPIari lotutako soldata-igoerak daude. Greba egunak abenduaren 17 eta 18a, eta urtarrilaren 3, 4 eta 5a dira.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 18a

Trapagarango Amazoneko langileek bost eguneko greba egingo dute iragan igandetik aurrera, enpresak haien aldarrikapenak “entzuten” ez dituela salatzeko. Bost eguneko lanuztea egingo dute abenduaren 17 eta 18an, eta urtarrilaren 3, 4 eta 5ean. Iragan ostiralean Greba Batzordea enpresa-zuzendaritzarekin bildu zen. Hala ere, LAB sindikatuak adierazi duenez, ez dute gatazka konpontzea lortu: “Ez dira gure proposamenetako bat bera ere eztabaidatzen hasi”. Amazonen jarrera “oso larria” dela salatu dute langileek: “Arduragabeak izan dira eta dira, eta ez dute gatazkari irtenbidea ematen saiatu nahi”. LAB eta ELA sindikatuek egin dute bat grebarekin.

Proposamenen artean, Amazoneko langileek eskatu dituzte KPIari lotutako soldata-igoerak, jaiegunetan eta asteburuetan lan egiteagatiko konpentsazioak, kontratu partzialetarako gutxieneko lanaldiak, aldizkako langile finkoen kontratazioak ezabatzea, gutxienez 22 opor-egun, antzinatasunagatiko hobariak, enpresak estalitako garraio-gastuak eta azpikontratatutako enpresetako langileentzat subrogazio-bermeak. Egoera aldatu ezean, grebarekin jarraituko dute urtarrilaren 3, 4 eta 5ean.