argia.eus
INPRIMATU
Erretreten erreforma Ipar Euskal Herrian
Bost datu, erretreten erreformaren aurkako mugimenduaren heina neurtzeko
  • Erretretarako adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzen duen erreforma pasa arren, aurkako mobilizazioek segitzen dute. Ondoko bideetatik dabiltza testu horren kontrakoak: greba eta manifestazioak; Konstituzio Kontseiluaren ezeztapenaren esperantza mehea; gobernuaren parean postura tinkoa atxikitzeko estrategia; erreferendumaren aukera; eta gazteen mobilizazioak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko apirilaren 13a
Erretreten erreformaren aurka Baionan buruturiko mobilizazioetariko bat. Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin
1: Hamabigarren greba eguna

Frantziako Gobernuak erreforma pasa arren, sindikatuek mobilizaturik segitzen dute eta hamabigarren greba eta manifestazio eguna dute gaurkoa, apirilaren 13koa –eta legea pasaz geroztik bideraturiko laugarrena–. Ipar Euskal Herriari dagokionez, goiz honetan batu dira ehunka lagun Baionako Lan Burtsatik hurbil eta euripean burutu dute manifestazioa.

Ikusteke dago gaurkoak zer nolako jarraipena izanen duen. Gobernuak dioenaz mobilizazioa ahulduz doa –iragan astekoan aitzinekoan baino 200.000 lagun gutiago omen ziren–, baina hori gezurtatzen dabiltza sindikatuak –jendetza hein bera batu zen azken bi mobilizazioetan beren esanetan: bi milioi herritar–.

Gobernuak ondoko parioa du eginik: jendea nekatuko da, ezingo du astero greba egin, eta poliki-poliki mobilizazioa itzaliko da. CGT sindikatuko idazkari berria den Sophie Binetek horrela ihardetsi dio: "Frantsesen fatalismoan eta nekaduran oinarritzen den estrategia onartezina da. Bere herriaren aurka gobernatzen dabilen presidente bat daukagu. Biziki larria da".

Horiek horrela, greba mugimendua doi bat gutiago jarraitua da ostegun honetan, besteak beste, garraio publikoan zein irakaskuntzan. Petrolio-findegietan zegoen greba mugimenduari ere bukaera eman zion CGTk, apirilaren 11an lanera itzuliz mobilizaturiko azken findegian.

2: Konstituzio Kontseiluaren ebazpena apirilaren 14an

Erreforma konstituzionala ote den zehaztuko du ostiral honetan Konstituzio Kontseiluak, hots, mobilizazio egunaren biharamunean. Batetik, prozedurari begiratuko diote bederatzi kideek –Senatuan 47.1 artikulua eta Legebiltzarrean 49.3 artikuluak modu egokian erabiliak izan ote diren–; eta bestetik, erreformak dakarzkien neurrien konstituzionalitateari.

Kontseiluak testu osoa ezeztatuko duenik ez du ia inork sinesten, baina baliteke artikulu batzuk deuseztatzea

Kontseiluak testu osoa ezeztatuko duenik ez du ia inork sinesten, baina baliteke artikulu batzuk deuseztatzea. Hipotesi ezberdinetan agertzen da enpresa handiei bideratzen zaien 50 urtez goragoko langileen deklaratzeko betebeharraren ezeztatzea. Karrera bukaeran direnentzako lan kontratu mugagabe berri baten osagaia ere mehatxatua dela diote hainbatek. Hori horrela, sindikatuek eta herritarrek errefusatzen dituzten neurriak pasa behar lirateke: erretreta adina 62 urtetik 64ra pasa izana eta kotizazio epearen luzapena.

Konstituzio Kontseiluaren ebazpenari eman beharreko erantzunaz hausnartzeko elkartuko dira sindikatuak ostegun honetan. Ostegun goiz honetan instituzio horren egoitzaren sarrera blokeatu dute gazte grebalari batzuk:

3: Elkarrizketa mozturik

Emmanuel Macron presidenteak elkarrizketarako gomita luzatu die sindikatuei: "Edozein dela ebazpena", elkartzeko eta "geroaz hitz egiteko" elkarrizketa proposatzen die sindikatuei. Azkenik, apirilaren 5ean elkartu ziren Lehen ministro Elisabeth Bornekin, baina ordu baten buruan lekutu ziren, topaketaren "porrota" salatuz. Ondokoa adierazi zuen sindikatuen ordezkari Cyril Chabanierek: "Lehen ministroari erran diogu testua kentzea dela irtenbide demokratiko bakarra. Erantzun digu bere testuari eutsi nahi diola. Erabaki larria da".

Parlamentuko bozketan ez bezala, Konstituzio Kontseiluaren babesean sinesten du Macronek. Hain zuzen, diputatuen aldetik ez zuen sostengua bermatua, eta arriskua saihesteko bozketa alde batera utzi eta 49.3 artikuluari esker pasa zuen erreforma. Konstituzio Kontseiluan ez du arrisku hori sentitzen. Are gehiago, instituzio horren inpartzialtasuna zalantzan jarri daiteke: bederatzi kideetatik sei Macronek aurkeraturikoak dira, eta botere politikoarekin harreman estuak dituzte gehienek –tartean, Laurent Fabius eta Alain Juppé Lehen ministro izandako eskuindarrak edota 2018 eta 2022 urteen artean ministro izandako Jacqueline Gourault–.

4: Erreferendumaren aukera

Erretretarako adina gehienik 62 urtean mantentzeari buruzko erreformaren bidea ere hor dute oposizioko hautetsiek. Nahiz eta ez den eztabaidagai, "62 urtetako erretiroa" lege-proposamenak konstituzio baldintza guziak betetzen ote dituen aztertu beharko dute bederatzi kideek.

Gobernuak erretreten erreforma pasarazi zuen egun berean aurkeztu zuten 252 hautetsik erretreta-adina gehienik 62 urtetan finkatzen duen lege-proposamena. Lehen ministroak erabakia Konstituzio Kontseiluaren esku utzi zuen, ordea, argudiatuz lege-proposamena ez dela konstituzionala.

Alde kokatuz gero, erreferendumaren aldekoek bederatzi hilabete izanen dituzte bozka emaileen %10en sostengua jasotzeko –4,8 milioi herritarren izenpedura–.

Sinaduren baliozkotasuna egiaztatu ondoren, Legebiltzarrak sei hilabeteko epea izanen du lege-proposamena aztertzeko. Hala egiten ez badu,erreferendum bidez erabakiko litzateke lege-proposamena aitzina edo atzera doan.

5: Gazteak mobilizaturik

Bide ezberdinak jorraturik direla, belaunaldi gazteak mobilizaturik segitzen du. 49.3 artikuluari esker legea pasaz geroztik ozka bat gora egin du beraien inplikazioak. Gaur egun, hainbat unibertsitate blokeaturik dituzte, tartean, Roazhon, Lille edo Pariskoak. Langileen sindikatuak ikasleekilako elkarlanerako eta indar-batuketaren aldeko mezua zabaltzen dabiltza. Hemen Tolosako Mirail unibertsitatearen blokeoa: