argia.eus
INPRIMATU
Bost alderdi eta bi ikuspegi euskarari buruz
  • Sutan jartzean probatzen da eltzea. Eta asteazkenean Bagera elkarteak antolatutako eztabaidan, itxuraz kontsentsua duen euskararen aferari aurre egiteko eltzeek ezberdin erantzuten diotela frogatu zen, tenperatura igo ahala bederen. Hizkuntza politika izan zuten ardatz bost alderdi nagusietako hautagaiek, eta, udalean egin daitezkeenez gain, egoeraren diagnostikoez, helburuez eta egin beharreko bideaz mintzatu ziren. Eta giroa berotu ahala, desadostasunak nabarmenagoak izan ziren. IRUTXULOKO HITZA-k dinamizatu zuen eztabaida.

Irutxuloko Hitza @irutxulo Xalba Ramirez @xalbaram 2023ko maiatzaren 26a
Argazkia: Irutxuloko Hitza

Jon Insausti izan zen EAJren ordezkari. Azken urteotan udaleko kultura eta euskara zinegotziak, egindako lana txalotu, eta aurrera begira hainbat gako proposatu zituen. Lan egiteko iparrorratz indartsu bat jarri zuen Insaustik mahaigainean: “Donostia euskararen hiria eta Gipuzkoa arnasgune”. Hainbat izan ziren aipatutako egitasmo eta proiektu zehatz, baina batek jaso zuen arreta gehien: aurtengo Zinemaldiko sail ofizialeko pelikulek euskarazko azpi idatziak izango dituztela.

EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek hizkuntza politiken norabide ona adierazi zuen, baina udaletik gehiago egin daitekeela sinetsita, herritarrenganako arretan hobetu beharra nabarmendu zuen. Kanpainan gaudela ezin ahaztu, eta bigarren interbentzioan lehenengoan esan ez zituenak ekarri zituen: hizkuntza politiketarako aurrekontua %2ra igotzea, euskalgintza sustatzeko; C1 maila arte doakotasuna lortzea; iritsi berriak diren herritarrei harrera egitea; eta beste.

Elkarrekin Podemoseko Victor Lasak etorri ezin zuela eta, Miren Etxebeste ahaldun nagusirako hautagaia etorri zen eztabaidara, “bere gaia dela” aprobetxatuta. Hizkuntza politiken arrakastak nabarmendu zituen Etxebestek, bertikalegiak direla sentitzen duen arren. Ezagutzan emandako urratsak goraipatuta, “euskaraz bizitzera” salto eman beharraz hitz egin zuen. Aisialdian eta motibazioan jarri behar dira indarrak Etxebesteren ustez, eta hor, gizarte zibilak hartu behar du indarra: “Herria ez dago araututa, eta motibazioa hor bilatu behar da”.

Ikuspuntu ezberdinak

Kontrapuntu nagusia Vanessa Velezek jarri zuen. Hizkuntza politikez gain, Alderdi Popularreko diskurtsoa ekarri zuen mahaiaren bueltara. Velezen ustez, euskarak “guztion ondarea izan behar du: euskaldunena eta ez euskaldunena”. Euskara politikoki ez erabiltzeko aldarrikapena egin zuen, “label moduko bat” delakoan. Inposizio hitza erabili zuen maiz, euskara politiken inguruan aritzean: “Euskara ez da arazo bat izan behar, ezta abantaila bat ere”.

Giroa nahasi aurretik hartu zuen hitza PSE-EEko hautagai Iñaki Gabarainek: “Adostasuna”, “zoru partekatua” eta “kontsentsua” aldarrikatu zituen, eta “oso baikor” sentitzen zela adierazi zuen. Baikortasun hori, ordea, urratzen joan zen berak ahala onartu zuen gisan. Gabarainek berak atera zuen eztabaidarako munizioa, euskararen kontrako azken sententziak aipatzerakoan; horiek aztertzerako orduan “sosegu falta” leporatu zuen, eta “guztien” hizkuntz eskubideak bermatu behar zirela nabarmendu.

Euskara eskakizunen kontrako sententziak

Sententzia horien inguruan katramilatu ziren bost hautagaiak –eta, tarteka, publikoaren interbentzioak–. Izagirre eta Insaustik sententziak kritikatu zituzten. Izagirrerentzat, sententzia hauek hizkuntza politiken eskumenak “zalantzan” jartzen dituzte, eta “epaitegi arrotzek” ezin dutela euskararen inguruan erabaki. Insaustik, ildo beretik, hizkuntz eskakizun mailak igotzea defendatu zuen, eta erakunde guztien artean sententzia hauei erantzun bateratu bat aldarrikatu zuen.

Etxebeste, Velez eta Gabarain gozo jarri ziren hau entzutean. “Legearen mugaren oso gainetik” ibili zela eta, Etxebestek arrazoizkoa jo zituen sententziok, “eskaintzen den aterki juridikotik harago joan garelako”. Oinarrizko hainbat adostasun izan zituzten alderdi estatalistek: euskara eskakizunak zailegiak direla eta ez dutela errealitate soziolinguistikoarekin bat egiten. Etxebeste busti zen gehien –are lokaztu– “titulitisa” kritikatuz: “Nik baditut lagun asko euskaraz oso ondo egiten dutenak, baina ez dutela titulurik. Horiek ezin al dute lan postu publikorik lortu?”.

Euskaraz ez dakitenen eskubideak defendatu behar direla aldarrikatu zuten, modu batean edo bestean, hiru alderdiok. Eta atera zen: zer nahiago duzu mediku ona ala euskalduna? Euskara ikasteko ezinezkoa den hizkuntza zirudien une batean, etorkinez mintzatzen hasi zirenean. Gutxitan ikusten da Alderdi Popularra migranteen eskubideak horren sutsuki defendatzen.

Oroitzen garai bateko demokratak eta biolentoak? Bada, oraingoan, euskaltzaleak eta demokratak aritu ziren mokoka –bi bando markatzearren–. Hau da, euskara sustatzeko ahalegin bikoitza egin behar dena uste zutenak, eta legearen arabera jokatu behar dena uste dutenak. Hain zuzen, Etxebestek hizkuntza eskakizunak “demokratizatu” behar direla esan zuen. Hau da, jende gehiagora zabaldu, maila jaitsiz: “Autobus gidari batek ez du idazlan bat ondo egin beharrik, euskaraz artatzeko”.

Euskaraz bizi?

Giroa berotuta, euskaraz bizi daitekeen edo ez aritu ziren eztabaidan alderdiok euren artean, eta publikoarekin. Gabarainen ustez, Donostian posible da euskaraz bizitzea, formalki bederen. Publikoaren kritikak jaso zituen, besteak beste, administrazioan euskaraz normaltasunez artatua izatea odisea bat dela adierazi zuten.

Diagnostikoan adostasunik ez dagoela nabarmendu zuten Insaustik eta Izagirrek: “Euskalduna da bigarren maila batean dagoena, eta hori onartu ezean ezingo gara adostasunetara iritsi”. Desadostasunak nabarmen geratu zirenean hasi ziren berotzen hautagaiak, eta tonua apur bat altu zegoenean atera zen perla bat edo beste: “Zuek dena konpondu nahi duzue independentziarekin”, esaterako.

Gehiagorako eman zezakeen arren, 20:00etan puntuan bukatu behar izan zen eztabaida, eta, orduan Alderdi Popularreko Velez, erabat berotuta, gora etorri zen: “Pues ahora voy a hablar en castellano, porque me apetece!“. Esaldia ez zen bukatu, baina giro nahasia ondo erakutsi zuen. Euskararen gaian denok gaudelako ados su eztitan. Baina eltzea sutan probatzen da. Eta, atzo, su bizitarako bi eltze besterik ez ziren ikusi.