Bosniako herritarrek jasaten ari diren egoera sozial larriek sortutako ezinegonagatik Sarajevoko lehendakaritzaren egoitzari su eman diote pasa den asteburuan. Langabezia eta pobrezia tasa altuak eta sektore publikoaren pribatizazioa salatzeko istiluak izandira herrialde osoan.
FENA agentziak azaldu duenez garrek lehendakaritzako egoitzaren bigarren solairuraino iritsi ziren. Manifestariak eraikinean indarrez sartu ziren, leihoak hautsi eta altzariak kalera bota ostean su eman zioten eraikuntzari.
Istiluak aurreko asteazkenean hasi ziren Tuzlan, Bosnia ipar-ekialdean, eta ostiralean herrialdeko 30 herri gehiagotan zabaldu ziren. Mobilizazio handienak Sarajevo, Bihac eta Zenica hirietan gertatu ziren. Milaka pertsona kalera irten ziren bertako politika kapitalistek biztanleriari eragindako langabezia eta pobrezia tasa altuak salatzeko.
Langabezia geldiezinak –populazioaren %44, nahiz eta herrialdeko Banku Zentralak %27,5koa dela esaten duen, ez baitituzte beltzean kobratzen dutenak kontatzen- eta Balkanetako guduaz geroztiko industria gainbeherak Europako herrialde txiroenetakoa bihurtu dute Bosnia. Bataz besteko hilabeteko soldata 420 eurokoa da eta biztanleria osoaren bost pertsonatik bat pobrezian bizi da gaur egun.
Istiluak pribatizatu berri diren lau lantegi industrial itxi dizutelako lehertu ziren. Tuzla garai bateko Jugoslaviako errepublika sozialistaren erdi-erdiko gune industriala izan zen, baina azken urteotako politika neoliberalak direla-eta, lantegi asko itxi dituzte, langabezia tasak puztuz.
Gobernuaren dimisioa eskatzen dute manifestariek: “20 urte daramatzate lapurtzen, etorkizuna suntsitu digute”.