Europako Batasunak onartu berri dio hautagai ofizial estatusa Bosniari. Ukrainari aitortu zion lehenbizi hautagaitza, gerra betean, eta orain Bosniari, herrialdearen kokapen geoestrategikoak eraginda. Erreforma sakonak eskatu dizkio; botere judiziala eta politikoa orekatzea, esaterako. Balkanetan izaten den aldaketaren adierazle da albistea: ia herrialde guztiak daude hautagai ofizial egoeran, Kosovo izan ezik, errekonozimendu ezak bere bidea zailduko baitu.
Bosnia eta Herzegovina Europako Batasunean (EB) sartzeko hautagai izendatu berri dute. Herrialdea 2003an izendatu zuten hautagai posible, eta 2016an egin zuen eskaera ofiziala, baina aurten arte ez da hautagai izan. Aukeraketa prozesua luzea izan bada ere, anexioarenak bide beretik joateko itxura guztia dauka: hamalau baldintza jarri dizkiote herrialdeari, horien artean daude ustelkeria eta krimen antolatuaren aurkako borroka edota gobernuaren egonkortasuna. Azken baldintza hori bereziki zaila izan daiteke Bosnian, zeinetan hiru presidente eta barne errepublika autonomo bat dauden.
Momentu berezian heldu da Bosniako albistea: Ukrainako gerra betean. Europako Batzordeak hartutako erabakia geoestrategikoa da, gerra eremu inguruko herrialdeak bere orbitan izateko. Hain zuzen ere, azpimarragarria da aurtengo ekainean Bosniari eskaini berri dion estatus bera eskaini ziola Ukrainari ere. Baina horiek ez dira Europa ekialdeko herrialde bakarrak: urteak dira Balkanetako herrialdeek Europan sartzeko bidea hartu dutela. Bosniaren egoera berean daude Ipar Mazedonia, Montenegro, Serbia, Albania eta Moldavia.
Bosniako adierazpenarekin batera heldu da, era berean, Kosovoren eskaera ofiziala. Kasu honetan, herrialdea hautagai posiblea da, baina arazo nahikotxo izango ditu hautagai ofizial izatera pasatzeko, EBko zenbait estatuk ez baitiote errekonozimendurik aitortzen, Espainiak, Ziprek, Errumaniak, Greziak eta Eslovakiak, hain zuzen.
Albistea beso zabalik hartu du Bosniako Gobernuak, uste baitu bere “aurrera pausoen” erakusgarri dela. Orain, hamalau helburu ditu parez pare, eta horiek betez gero lortuko du duela bi hamarkada hasitako prozesua burutzea. Helburuok 2019an zehaztu zituen Europako Batzordeak, Bosniak EBko “irizpideak” jarraitu ditzan.
Aipagarria da Bosniako egoera konplexua dela, Balkan guztietakoa bezalaxe. Etnia eta erlijio askoren batura daukate bertan; baina gainontzeko herrialdeak homogeneogoak badira ere, Bosnia guzti horien batura da. Ikusi besterik ez dago gerra osteko herrialdearen egitura. Hiru etnia nagusitan zatikatutako herrialdea da, bakoitzak bere ordezkari politikoak ditu eta gobernuan txandakatzen dira. Horrez gain, estatuan bertan bi erakunde autonomo daude, bakoitza bere botere banaketarekin: Bosnia eta Herzegovinako Federazioa eta Srpska Errepublika (errepublika serbiarra).
Europak jarritako baldintzek erreforma sakonak ekarriko dituzte herrialdera. Krimen antolatuaren aurkako eta berau prebenitzeko neurriak eskatu dizkiete, baita erreforma fiskal eta juridikoa ere. Erreforma horiek ezin daitezke ulertu herrialdeko oreka politikoa mantentzeko baldintza barik. Bi erakundeen artean, Federazioa eta Errepublika, apenas dagoen lankidetzarik, eta horrek asko zailtzen du botere judiziala egikaritzea, mafiako kideek batetik bestera egiten baitute ihes.
Pausoak eman dira azken urteetan, Europak eskatutako “irizpide” horietara hurbiltzeko; horietako bat da 2022ko urrian Serbiako Errepublikan egindako botere judizialaren inguruko erreferenduma. Hala ere, prozesu luzea izango du aurretik, seguruenik, Balkanetako egoera hoberen islatzen duen herrialdeak.