argia.eus
INPRIMATU
Bosgarren urteurrena ospatuko du Etxelila Ondarruko emakumeen topalekuak
  • 2013an martxan jarritako Etxelilak bost urte bete ditu, eta ospakizun jaialdia egingo dute abenduaren 14an.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 05
(Argazkia: Lea Artibai eta Mutrikuko Hitza)

Herriko mugimendu feministaren eskariei erantzunez, Ondarroako Udalak Artibai kaleko 1. zenbakidun eraikina esleitu zion mugimenduari 2013an. Etxelila izena eman zitzaion espazio hark bost urte bete ditu aurten, eta aitzakia horrekin jaialdia egingo dute abenduaren 14an.

Etxelilaren gaur arteko ibilbideari dagokionez badute zer ospatu. Bost urte hauetan hainbat ekintza burutu izateaz gaiz, espazioaren ardatz nagusietakoa den Jabekuntza Eskolaren baitan 100 ikastaro antolatu dituzte, eta 500 emakume inguruk parte hartu du hauetan. “Etxelila erreferentziazko gune bihurtu da Ondarroako emakumeentzat eta Mugimendu Feministarentzat”, adierazi dute Ondarroako Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluak eta Berdintasun Sailak.

Ospakizuna

Abenduaren 14an, ostirala, egingo dute ospakizun festa Etxelilan bertan. Egun horretarako abestia egin du Azalera taldeak, eta Uxue Alberdik jarri dizkio hitzak. Txakur Gorria kolektiboak, bestalde, urteurrenerako irudia sortu du.

Jaialdiaren egitarauari dagokionez, Andrabanda batukada feministak emango dio hasiera ospakizunari eta Beatriz Egizabal Ollokiegi klownak egingo ditu aurkezle lanak. Egun horretarako abestia sortu duen Azalera taldeko Lorea Zulaika Arriagak, Susunkordan taldeko Goretti Serrano Akarregik eta Nerea Larrinaga Sanchezek kontzertu akustikoa eskainiko dute, eta Amaia Cabero Saizar dantzaria zuzenean ikusteko parada ere izango da. Jaialdian zehar, herriko emakume talde eta mugimendu feministako kideek ere hartuko dute hitza, eta tarte guzti horretan Artestura Feministak erakusketa ikusgai egongo da. Txakur Gorria kolektiboak ospakizunaren kontaketa grafikoa egingo du.

Urteurrena iragartzeko bideoa ere egin dute: