argia.eus
INPRIMATU
Bosgarren preso trukea egin dute Hamasek eta Israelek
  • Bien arteko su-etena indarrean sartu zenetik hiru aste bete direnean, Hamasek guztira 21 bahitu askatu ditu eta Israelek, berriz, 730. Bahitu israeldarren irudiak "gizateriaren aurkako krimen baten adibidea" direla salatu du Israelgo presidente Isaac Herzogek.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 10
Preso palestinarren alde eginiko ekitaldia, Gazan joegaza (CC BY-NC 2.0)

Hamasek eta Israelek sinatutako su-etenaren lehen fasearen baitan, bosgarren preso trukea egin zuten biek larunbatean: erakunde islamistak hiru gatibu askatu zituen bitartean, Israelek 183 preso palestinar utzi zituen aske. Aurreko aldietan egin bezala, Hamaseko kideak aldamenean zituztela igo zituzten bahituak oholtza batera, eta ondoren Gurutze Gorriaren ibilgailu batean Israelera bidali.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa bahitu israeldarren egoeraz kexatu da, eta horren aurrean Hamasen aurka erantzungo dutela ohartarazi du: "Neurriak hartuko ditugu". Talde palestinarrak ere salaketa bera egin dio Tel Avivi, preso palestinarrak "pixkanaka hiltzen" ari direla leporatuta. Halere, bi aldeek adostutako su-etenaren fase zein baldintza oro betetzeko konpromisoa erakutsi du.

Akordioaren arabera, su-etenaren lehen fase honen barnean Hamasek 33 israeldar bahitu askatuko ditu datozen asteetan jada 21 askatu ditu, eta Israelek 1.890 preso palestinar askatzeko konpromisoa hartu du oraingoz 730 utzi ditu aske. Meniaren hurrengo faseetan, Israelen eta Hamasek gerraren behin betiko amaiera lortzeko negoziazioak hasi beharko lituzkete.

Bien bitartean, iragan astean Donald Trump AEBetako presidenteak Gazako Zerrendan bizi diren 1,8 milioi palestinarrak kanporatzeko asmoa erakutsi ondoren, bere proposamenean berretsi da asteburuan: "Konpromiso osoa erakutsi dugu haren jabe egiteko, berreraikitzeko eta Hamas bertara ez dela itzuliko ziurtatzeko".