argia.eus
INPRIMATU
Bosgarren edukiontzia maiatzean iritsiko da Iruñeko auzoetara
  • Edukiontzi marroia ezartzeko hirugarren faseari ekin dio Iruñerriko Mankomunitateak. Horren barruan, 1.511 edukiontzi berri jarriko dituzte. Bi kanpainetan eginen dute. Lehena, maiatzean eta ekainean garatuko dute.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2015eko apirilaren 15
Maiatzetik abendura Iruñea osora iritsiko da bosgarren edukiontzia. Maiatzetik abendura Iruñea osora iritsiko da bosgarren edukiontzia.

Maiatzean, gai organikoak biltzen dituen edukiontzia Buztintxurira, Sanduzelaira, Arrotxapera, Arantzadira, Artikara eta Berrobeitira iritsiko da. Ekainean, Txantreara, Magdalenara eta Antsoainera.

Bigarren kanpaina irailetik abendura gauzatuko dute. Horren eskutik edukiontzi marroia Alde Zaharrera, Zabalguneetara, Burlatara, Atarrabiara, Uhartera, Mutiloara eta Arrera iritsiko da. Edukiontzi berriok 99.706 etxebizitzari emanen diete gai organikoak bereizteko aukera. Lehendik martxan zirenak aintzat hartuz, ekainean 144.473k izanen dute zerbitzu hori eskura.

2013tik eta orain arte jarritako edukiontziak 1.000 litrokoak ziren, eta atzetik kargatzen ziren. Berriek 2.400 litroko edukiera dute, eta alboetatik kargatzen dira.

Erabiltzeko izena eman behar

Edukiontzi marroiak erabiltzea ez da nahitaezkoa. Giltzaz itxita daude, eta erabili ahal izateko izena eman beharra dago. Lau bide daude horretarako.

Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deituta egin daiteke (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 08:30 eta 15:00 artean.

Nahi izanez gero, bilketan izena emateko, whatsapp mezu bat bidal daiteke, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira. Ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko.

Gai organikoen gaikako bilketan parte hartzeko, “Izen-ematea” sakatzean agertuko den formularioa bete baino ez duzu egin behar.

Ondoren, bisita bat izango duzu etxean eta bilketa egin ahal izateko behar den materiala duen kita emango zaizu.

Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan ere eman daiteke izena, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 15:00etara.

Beste aukera bat da Civivox Sanduzelain egokitutako informazio gune finkora joatea (Gortari Doktorearen plaza, z/g, behealdea, Iruñea), astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara, eta larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara. Hirian zehar izango diren informazio gune ibiltarietan eta auzoetara joaten diren garbigune mugikorretan ere eman daiteke izena.

[Albiste honen jatorrizko bertsioa Euskalerriairratia.eus webgunean argitaratu da eta atari horren CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]