argia.eus
INPRIMATU
Bosgarren edukiontzia Bilbo osora zabaltzeko eskatu du EH Bilduk
  • Bilboko EH Bilduk iragarri du hondakinen kudeaketarako proposamena eramango duela otsaileko udalbatzara, bizpahiru urteren buruan %60 inguruko birziklatze tasara iristeko. Gaur egun %27,43koa da tasa hori, adierazi dutenez. Aurreko urtean baino %2,49 gutxiago.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko otsailaren 10
2011n ipini zuten bosgarren edukiontzia Deustu auzoan; haren erabilpena %12 ingurukoa baino ez dela salatu du EH Bilduk. (Arg.: IƱigo Azkona).

Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak oso kezkagarritzat jo ditu datuok: “2011tik aldatu ez den argazki finkoa daukagu, eta gaikako bilketari dagokionez argazki negargarria da”. Ibaibarriagaren ustez, Udal gobernuak ez du ez planik ez helbururik hondakinen kudeaketaren alorrean.

“Super Mentxu heroi penagarria aurkeztu zutenetik ez dute ezer egin, eta 2012az geroztik ez dugu Super Mentxuren berri izan”, adierazi du Ibaibarriagak.

2013an bosgarren edukiontzia hiri osora zabaltzeko mozioa onartu zen, baina oraingoz Deustun baizik ez dago, esperientzia pilotu modura. Auzo horretan lortutako emaitzak ere kritikatu ditu Aitziber Ibaibarragak: zabor tasa ordaintzen dutenen %12k baino ez dute bat egin proiektuarekin, “Udalak ez baitio publizitaterik eman”.

EH Bilduren proposamenaren ardatza 2013ko mozioan onartu eta bosgarren edukiontzia Bilbo osora zabaltzea da, janari gordina ez ezik prestatutakoa ere batzeko aukera eta guzti, orain dela hilabete batzuk Bizkaiko Aldundiak irekitako bidetik. Horrekin batera, berrerabilpenari eta birziklatzeari buruzko dibulgazio lana egin beharra azpimarratu dute.

Hondakinen gaikako bilketari arreta berezia ematen dioten beste hiri handi batzuetako ereduak aztertzeko ere eskatuko dute: Donostia, Brusela, Erroma, San Frantzisko…