argia.eus
INPRIMATU
“Bortxatu zintuztenean, zer zeneraman jantzita?” galderari muturrekoa ematen dion erakusketa
  • Galdera gorrotagarri, umiliagarri eta ohikoegia da, sexu erasoen biktimei egiten zaiena: “Zer zeneraman jantzita?”. Bada, bortxatuak izan diren emakumeek une horretan zeramaten arroparekin erakusketa inauguratu dute Bruselan, frogatzeko edozein arropa eramanda ere sexu-erasoen biktima izan daitezkeela emakumeak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko urtarrilaren 22a

Pijama, txandala, soinekoa, polizia-uniformea… 18 konjunto dira denera, biktimek eurek deskribatutako arropak ahalik eta fidelen islatzen dituztenak. “Bortxaketaren kulturaren baitan dauden estereotipoak apurtu nahi ditugu, ‘zer zeneraman jantzita?’ galdera unibertsala delako, bizi zaren lekuan bizi zarela errepikatzen dena, eta biktimak erasotzailea probokatu duela iradokitzen duena. Inportantea da guretzat jendeari gogoraraztea galdera hau alferrikakoa eta kaltegarria dela, eta denok garela aske nahi dugun moduan janzteko”, adierazi dute antolatzaileek.