argia.eus
INPRIMATU
Hamar egunen barruan bigarren eraso sexista Zarautzen
  • Bortxatu egin dutela salatu du bigarren emakume batek Zarautzen. 17 urteko emakumeak salaketa formala jarri du ostegun goizaldera, eta momentuz ez dute inor atxilotu.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 07a
Iragan igandean Zarauzko festetan izandako eraso sexista salatzeko elkarretaratze jendetsua egin zen (Arg.: A. Ventas Aldabaldetreku).

Zarauzko mugimendu feministak gogor salatu ditu gertaerak kaleratutako ohar baten bidez. Bost egun dira herriko festetan izandako bortxaketa gaitzestera kalera atera zirela, eta ostegunean izan dute bigarren erasoaren berri. Gaur, ostirala, hilak 7 Zarauzko Udalak eguerdirako deitutako elkarretaratzearekin bat egingo du mugimendu feministak, baina kritiko agertu da erakundearekin eta "erantzukizunez eta arduraz" joka dezan eta "neurriak har ditzan" eskatu dio.

Babes katea igandean

Deialdi berezia egin du mugimendu feministak uztailaren 9rako. Adierazi dutenez herrigunea eta kanpina batzen dituen ibilbidean kokatuko dute ekimena. "Hor jarri nahi dugu arreta, azken erasoaren kokalekua izan delako eta aurreko urteko udan izan genuen erasoa ere inguru horretan gertatu zelako". 12:00etan Munoa plazan elkartzeko deia zabaldu dute.

Udalari adierazi diotenez " neurria ezin da kontrol neurrietara mugatu edo argiztatzera, gure jendarteak dituen baloreak aldatu eta hauetan sakontzera bideratutako neurriak dira beharrezkoak".

"Egungo bizi eta turismo ereduak kezkak" sortzen dizkiela salatu dute oharrean, eta "horrelako gertaeren aurrean erantzukizuna guztiona" dela, "bakoitzak bere eremutik, txokotik lan egiteko" deia egin dute.