Sexu erasoak salatzea pentsaezina da emakume kongoar askorentzat. Biktimen estigmatizazio sozialaz gain, poliziarengana jotzeak arrisku handiagoan jartzen ditu emakumeak. Bortxatutako emakume asko Denis Mukwege ginekologoak zuzendutako ospitalean artatuak dira.
Preethi Nalluk The Guardianen idatzi duenez 40.000 emakumetik gora igaro dira ospitaletik. “Bortxatutako emakume gehienak soldadu eta milizietako kideek erasotuak izan dira”, salatu du Mukwegek. Bortxaketa gerrako armatzat erabiltzen dela azpimarratu du medikuak: “Tortura sistema bat da, herritarrak beldurtzeko modu bat da”.
Ospitaletik igarotzen diren emakumeek eta umeek dauzkaten zaurietan erreparatzean, bortxaketek sexuarekin zerikusirik ez duela konturatu dela aitortu du Mukwegek: “Mota honetako indarkeriak sexuarekin baino, terrorismoaren bidezko boterearekin zerikusia du”
“Oso zaila egiten zaigu, bortxaketa baten ondorioz jaiotako neska bati urte batzuk beranduago bortxatua izateagatik artatzea. Lehenengo bere ama lagundu genuen eta gerora bere alaba”, nabarmendu du.
Legeak badauden arren erabiltzen ez direla salatu du Mukwegek: “Erasotzaile askok gobernuko zein armadako maila altuko karguak dira. Erasoak justiziaren aurrean salatu ez izanak bortxaketa instuzionalizatu du”.
Gutxienean 100 emakume bortizki erasotuak izan dira azken astean Kongo hegoaldeko Kivu probintzian. Azken hamar urteetan herrialde honetan ematen diren emakumezkoen aurkako sexu erasoen harira Kongo ‘Munduko bortxaketen hiriburu’ izendatu dute.
48 emakume erasotuak eta bortxatuak izan ziren orduro Kongon 2006 eta 2007 artean, gatazkaren puntu gorenean. Kivu hegoaldeko osasun etxeek egindako txostenen arabera, egun 40 emakumek sexu erasoak jasan behar dituzte egunero.
Gero eta gehiago dira gizonezkoak sexu indarkeriaren inguruan hezteko sortutako mugimenduak. Erasotuak izandako emakumeei laguntza psikosoziala emateaz gain, Mukwegerentzako armada utzi duten gizonezkoei laguntza ematea premiazkoa da haien inguruan bergizarteratzeko: “Gazte bat erreklutatua izan denean emakumeak erasotzen, bortxatzen eta hiltzen ikasten du. Armada uzteak ez du esan nahi bere baitan errotuta duen pentsaera aldatu denik”.
Kongon bakea izateko, emakumeen errefortzua eta gizonezkoen errehabilitazioa premiazkoa izanen da Mukwegeren aburuz. Hori dela eta, alde batetik gizon eta umeen taldeak osatu ditu inguruan bizi duten biolentziaz hausnartzeko; eta bestetik, emakumezko taldeek justizia eta erreparazioa exijitzen dute.