argia.eus
INPRIMATU
Bortxaketa salatu du neska batek Erandion
  • Ertzaintza gertaera ikertzen ari da, eta oraingoz ez dago atxiloturik. Bestalde, Erandion gizon bat atxilotu dute bere bikotekidea nasatik trenbidera botatzeagatik. Nafarroako Probintzia Auzitegian berriz, astelehenez hasiko da bikotekide ohiari sexu erasoak egiteaz akusatutako gizonaren aurkako epaiketa. Fiskaltzak 47 urteko kartzela zigorra eskatu du. Baionan, mugimendu feministak elkarretaratzea egin du herriko etxeko langile batek egindako indarkeria matxista salatzeko.

ARGIA @argia 2024ko urriaren 14a
Sexu eraso bat salatzeko egindako elkarretaratzea Erandion. Hiruka.eus.

Naiz hedabideak jakinarazi duenez, Erandion, emakume batek salatu du ostiraletik larunbaterako goizaldean bortxatu dutela. Salaketa jarri du eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Segurtasun Sailak ez du informazio gehiago eman. El Correo egunkariak azaldu du konortea galduta agertu zela dantzaleku batetik gertu dagoen gimnasio baten aurrean.

Urriaren 12an beste eraso bat gertatu da Astrabuduako (Erandio) tren geltokian. Liskarrean ari zirela, 21 urteko gizonezkoak bikotekidea nasatik trenbidera bota du metroa pasa baino lehenxeago. Emakumea ospitalera eraman dute buruko kolpe gogorraren ondorioz. Erasotzaileak ihes egin zuen, baina dagoeneko atxilotuta dago.

47 urteko zigor eskaera bikotekide ohia erasotzeagatik

Gaur, urriak 14, Nafarroako Probintzia Auzitegian hasiko da epaiketa. Fiskaltzak 47 urteko kartzela zigorra eskatu du nafar batentzat, bikotekide ohiari sexu erasoak, sexu gehiegikeria eta jazarpena leporatuta.

Noticias de Navarra hedabideak argitaratutako albistearen arabera, Fiskaltzak akusatuari hiru bortxaketa egozten dizkio, horietako bat bederen clorferinamina substantzia zeukan edaria eman ondoren egina, zeinak sedazio eta logura egoeran utzi zuen. Sexu gehiegikeria eta jazarpena ere leporatu dizkio Fiskaltzak. Bere lantokira eta etxera gerturatzen zen, deitu egiten zion, loreak eta oharrak bidaltzen zizkion.

47 urteko kartzela zigorraz gain, 24.000 euroko kalte-ordaina eskatu du kalte moralengatik.

Baionako Herriko Etxearen aurrean elkarretaratzea

Kazeta hedabideak emandako informazioaren arabera, urriaren 12an Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute Baionan. Herriko Etxearen aurrean bildu dira, hain zuzen, bertako langile batek egindako indarkeria matxista salatzeko. Erasotzailea indarkeria matxistagatik kondenatua izan da bere bi bikotekide ohiri egindako bortizkeria fisiko, psikologiko eta ekonomikoengatik.

Herriko Etxeak jakinarazi du langilea kargutik kendu duela epaiaren idatzia izan bitartean. Tokiko erakunde publikoak dio orden publikoa segurtatzeko hartu duela neurria eta ez duela esan nahi diziplina mailako zigorra ezarri dionik.