Pandemiagatik ezarritako murrizketengatik ez zuten aurreko Bortuaren Eguna ospatzerik izan. Aurten ekingo diote berriro ere, uztailaren 24an, Baxenabarreko Ezterenzubin.
Kazeta.eus-ek informatu duenez, aurtengo Bortu Egunaren helburua artzaintza, Iratiko ondareak, Manex buru beltza eta Pirena behia bezalako arrazak, Garazi eta Aezkoaren arteko lankidetza eta tokiko produktuak sustatzea izango da. Normalean bi urtean behin ospatzen da Bortuaren Eguna, baina bertan behera laga behar izan zuten COVID-19-agatik aurreko edizioa.
Donibane Garaziko eta Azkarateko ikastolek, Buru Beltza elkarteak eta Garaziko eta Aezkoako sindikatuak elkarlanean aritu dira Bortuaren Eguna antolatzeko. 2019ra arte Iratin ospatu izan dute, baina azken edizioko gune berean egingo da aurten: Ezterenzubin, Irunpilen.
Animazioak, merkatua, haurrentzako txokoa, kabala eta gazta lehiaketa, dantzaldiak eta krakada egongo dira. Mendi ibilaldi bat ere antolatu dute eta tokiko produktuekin prestatutako bazkaria.
Orbaitzeko meategiak bisitatzeko aukera izango da erreserbarik egin gabe eta egunean bertan egindako argazki lehiaketa ere antolatu dute.