Martxoaren 23an ospatu zuten Newroza, urte berri kurdua, Bilbo Zaharreko plazan hainbat lagunek. Ekitaldi xume eta hunkigarria izan zen. Une latzak dira Kurdistango Askapen Mugimenduarentzat, baina zapalkuntzari ohitu den herri horrentzat inoiz ez dira garai oparoak, eta horrek ez dio dantzatzeko gogoak kentzen.
Antolatzaileek gogoratu zutenez, Turkiak Afrin kantoi siriarra okupatu du eta erresistentziak jarraitzen badu ere, otomanoek eta bere txotxongilo islamistek sarraskiak eta txikizioa zabaldu dituzte bertan.
Horren isla izan dira frontean hildako YPG eta YPJ autodefentsarako talde kurduen boluntario internazionalistak. Batzuek lotura zuzena zuten Euskal Herriarekin eta horren adibide izan zen atzoko ekitaldia. Izan ere, Olivier Le Clainche bretoiaren, Anne Campbell bretainiarraren eta Alina Sanchez argentinarraren lagun eta ezagunek hartu zuten hitza.
Olivierri buruz aritu zen estatu espainiarreko YPGko miliziano ohi bat. Raqqako frontean elkar ezagutu ziren eta une gogorrak bizi izan zituzten Daexen aurkako borrokan, baina bereziki nabarmendu zuen zein burkide ona zen egunerokoan. Halaber, gazteak gogoratu zuen Olivierrek Euskal Herriari hainbat aldiz adierazi ziola elkartasuna eta euskara ere ikasi zuela. Harreman horren eredua metro eskasera zegoen; publikoaren artean entzuten ari zen euskal preso ohia, hamaika aldiz estatu frantseseko espetxetan bere bisitak jaso izan zituena, alegia.
Anna Campbellen lagun minek Ingalaterran ezagutu zuten eta berari buruz mintzatzean ezin izan zituzten malkoak ekidin. Bere izaera alaia eta konprometitua oroitu zuten, eta euren bihotzetan betirako eramango zutela azpimarratu zuten.
Azkenik, Durangoko mediku batek azaldu zuen Alina Sanchez Rojavan ezagutzeko aukera izan zutela bera eta zenbait kidek. Eurekin egon zen bertan izandako egonaldian eta bere berotasuna ez ezik, goraipatu zuten emakume gazteak Cuban medikuntza ikasi zuela ere. Horrek Siriako iraultza kurduan toki berezia eman zion.
Giro hunkigarri horretan, minutu bateko isilunea egitea aski erraza izan zen eta, ostean, sua piztu zuten, dantzak abiatzeko eta gogoratzeko zapaltzaileei herri kurduak eta bere erresistentziak bizirik jarraitzen dutela.