argia.eus
INPRIMATU
'Bizitza da Handiena' kanpaina
“Borroka sozialen astea” deitu dute Donostian, Turismoaren Munduko Goi Bilera hirian egin bitartean
  • Maiatzaren 19tik 26ra herritarrei kalera ateratzeko deia egin diete sare sozialen bidez, "Bizitza Da Handiena" lelopean. Bideo bat zabaldu dute.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 09a
Bideoaren amaierako deialdiaren kaptura.

Twitterren mezu hau zabaldu dute, azpian dagoen bideoarekin. 

Bideoan Donostiako hainbat herri mugimendu eta sindikaturen ekimenak ikus daitezke. Horrez gain, hainbat esaldi solte irakur daitezke: "Badator herritarron kapitala", "Borroka sozialen astea", "Euskal Erregimena kanpora", "Herri boterea, denon artean" eta "Ekarri bizipoza eta lotarako zakua". Bideoa euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez zabaldu dute.

Sare sozialetan jakinarazi dutenez, laster informazio gehiago publikatuko dute.

Bizitza da handiena kontuaren txioak bertxio ugari dauzka, tartean hainbat eragilerenak.

 

Turismoaren Munduko Goi Bilerak protesta ugari eragin ditu

Protesta honek, denboran behintzat, Donostian egitekoa den Turismoaren Munduko Goi Bilera harrapatuko du. Maiatzaren 23, 24 eta 25ean izango da Goi Bilera eta dagoeneko hainbat protesta eragin ditu. Adibidez, Gipuzkoako hoteletako langileen greba deitu dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. "Patronalak hitzarmen kolektiboarekin lotuta egin dituen proposamenak ez direla nahikoak" salatu dute.

Turismoaren Munduko Erakundeak (TME) 35 herrialdetako 300 agintari eta ordezkari bilduko ditu Donostian. Espainiako Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko ministro Álvaro Nadal, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Komertzio eta Kontsumo kontseilari Alfredo Retortillok aurkeztu zuten ekimena. Nadalek azpimarratu zuen turismoaren esparruko "gertakari handienetako bat" dela eta "Euskadi eta Donostiak orain arte izan ez duten nazioarte mailako bisita txartel" gisa funtzionatuko duela.

Horrez gain, gaur egun indarrean dagoen turismo ereduarekin kezkatutako BiziLagunEkin plataformak manifestazioa deitua du maiatzaren 25erako.