argia.eus
INPRIMATU
Aske geratu dira 9 preso Txiapasen, borroka politiko luzearen ostean
  • Txiapaseko presoen elkartasun elkarteetako bederatzi kide aske geratu ziren ostegunean. Ekintzaile hauek “La voz del amante” eta “Solidarios de la voz del amante” elkarteko kideak dira. Talde hauek gobernuaren neurri politikoei aurre egiteko sortu ziren kartzeletan 2005ean.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko uztailaren 09a
Askatuak izan diren kideek ordea borrokak aurrera darraiela adierazi dute. Argazkia: jornada.unam.mx

Directa komunikabide kataluniarrak dioenez, asteartean helarazi zieten instituzioek espetxeratuen senideei, hauek aske geratuko zirela. Astearte gauerako senideek eta hainbat eragile sozialek berehala ekin zioten mobilizazioei eta hurrengo egunean 80 pertsona bildu ziren espetxearen aurrean 9 ekintzaileak noiz aterako itxoiten. Azkenean ostegun arratsaldean askatu zituzten.

Askatuak izan diren kideek ordea borrokak aurrera darraiela adierazi dute, oraindik 4 kidek espetxean jarraitzen baitute, tartean, presoen elkartasun elkarte hauen sortzaile den Alberto Patishtan.

Alberto Patishtan Txiapaseko presoen aldeko ekintzaile eta sinbolo:

El Bosque udalerrian jaio zen, irakasle publikoa zen atxilotu zuten arte. Eskualdeko 7 polizia hiltzea leporatu zioten  EZLNeko kide baten laguntzaz. Gerora argitu zen epaiketan leporatzen zioten guztia akusazio faltsuetan oinarritua zegoela, baina epaileak espetxera bidali zuen. Patishtanek Txiapaseko hainbat mugimendutan jarduten zuen, indigenen eta justizia sozialaren aldeko borrokan.

Espetxeratu zutenetik borrokan jarraitzen du, kartzeletako bidegabekeriak eta errepresioa gogor salatuz. Bere borrokak eta berak sortutako elkarteek, frogarik gabe edo froga faltsuekin espetxeratutako hainbat pertsona askatzea ahalbideratu dute.

Txiapasen urteak daramatzate hainbat eragile sozial eta mugimenduk bere askatasuna eskatzen,  mobilizazioek ez dute fruiturik eman oraindik. Albertok Txiapas eta familiarengandik 2000 kilometrora bakartua jarraitzen du Sinaloako Guasave kartzelan.