Trenbidetako langilea da Jeronimo Prieto eta abenduaren 5az geroztik greban da, Frantziako Gobernuak aurkezturiko pentsio sistemaren erreformaren kontra. Ostiralean hasi da berriz lanean, gehiengoak bozkatu duelako lanera itzultzearen alde eta intersindikalak finkatu egunetan greba egitearen alde. LAB sindikatuko kidea da. Pentsioen erreformaren kontrako borroka eta Hego Euskal Herrian eginen den greba orokorraren artean lotura argia ikusten du: "Eztabaida bera da, galdera da 'zer nolako erretretak, lanak eta bizitzak nahi ditugu?' Erretreta, lan eta bizi duinak nahi ditugu".
43. eguna duzue pentsio sistemaren erreformaren kontra. Luze da. Nola zarete?
Konplikatua da. 43. eguna dugu greban, beraz soldatarik gabe, horrek buruan badu bere pisua. Goiz honetan (urtarrilaren 16a) erabaki dugu, beste hainbat tokitan bezala, berriz lanera itzultzea bihar (urtarrilaren 17a) eta greba egitea intersindikalaren mobilizazio deialdiak direlarik. Hain zuzen, urtarrilaren 22, 23 eta 24rako dira finkatuak. Erabakia hartu dugu egoera pixka bat arintzeko eta bistan dena, ezin dugulako horrela iraun. Erretreten sistemaren erreformaren kontrako mobilizazioan osorik segitzen dugu. Borroka luzea izanen da, beraz mugimenduak irauteko gisan antolatu behar gara. Antolaketa hori asmatzean dugu ariketa.
Greba mobilizazio egunetara mugatuz espero duzue jende gehiago lotzea grebara eta beraz blokeo egoera azkartzea?
Trenbideko langileei dagokionez, ez dakigu horrela gehiago izango garen. Espero dugu mobilizatu direnek segituko dutela, baina hala ere, erran behar da 43 egun eginik batzuentzat egoera zaila dela eta nekez segituko dutela, molde bat ala bestez. Orain kontutan hartu behar dugu mugimenduak luze joko duela eta beraz iraun beharko dugula. Trenbidetako langileak eta RATPko langileak abenduaren 5az geroztik greban egon gara; orain bada garaia beste sektoreetakoak ere lotzeko mugimenduari, lekukoa gurekin hartzeko gisan.
Hain zuzen, nola doa greba mugimendua sektore pribatu zein publikoan?
Pribatuari dagokionez, enpresaren araberakoa da egoera. Lan merkatua eta mundua erabat aldatu dira azken hogei urteetan eta horrekin batera legedia ere bai. Biziki zaila da gaur egun greba egitea enpresa txiki batean. Ondoan badituzu Dassault bezalako enpresa handiak, zeinetan greba mugimendua abiatzeko aukerak badiren. Irakaskuntzaren sektorean ere batzuk dira greban abenduaren 5az geroztik, baina ez dira gehiengoa. Ostiraleko mobilizazioaren kari, Seaskaren sareko bost ikastetxe hetsi zituzten eta hori berria da. Eztabaidak badira haien artean ere; aipatzen dute urtarrilaren 24ean "egun beltza" egitea, hau da, ahal bezainbat kolegio eta lizeo hestea, Seaskaz haratago joanez.
Izugarri luzea bilakatzen ari da mugimendua.
Egia da eta batzuek uste zuten lehenago lortuko zirela aitzinamendu batzuk. Ikusten dugu Frantziako Gobernuak luzatzeko hautua egiten duela. CFDTren postura argitu da, panorama argiago batean gara, nahiz eta biziki gogorra izan, horrek argitzen ditu posturak, perspektibak lantzeko bidea errazten du. Urtarrilaren 23an antolatuko dute arratsetik gauera arte tortxekilako erretreta-ren ekimena egitea (Frantziako hainbat herritan abiatu dute mobilizazio molde berri hori, gauean batuz tortxak pizturik); horrek lanean direnei ere ematen die mobilizatzeko aukera. Komunikabide batzuek diote mugimendua apaltzen dela, baina guk badakigu sostengua hor dela. Jendea erreformaren kontra da, beraz borroka molde berriak asmatu behar ditugu jende hori aktibatzeko.
Eraginkorrak izateko zein osagaik osatuta behar dute borroka molde berri horiek?
Bi elementu garrantzitsu ikusten ditut. Batetik, jendearen sostengua irudikatu beharko dute, karrikan egon beharko dugu. Bestetik, ekonomia trabatu beharko dute, finantza eta patronalari lotua izaki gobernua, badakigu horretan eragin beharko dugula. Gobernuari eta LREM Macronen alderdiari begira, martxoan izanen diren herriko hauteskundeek ere ukanen dute garrantzia.
Parean, gobernua hastapenetik elkor duzue; erreforma bai ala bai aitzina eramanen duela errepikatzen ari da.
Borroka hori osoki irabazi nahi du gobernuak. Joan den asteburuan egin dituzte aldaketa batzuk, orekarako adinari buruz adibidez, baina, orokorki hartuta, eztabaidan parte hartzen duten langile eta nagusien sindikatuei argiki erran die akordiorik ez bada lortzen, legea ordenantza bidez pasako duela. Gainera, eztabaida eremua erabat mugatuta dute sindikatuek. Postura hetsi horren parean azkarra izan behar du mugimenduak.
Erreforma atzera botatzeko helburua duzue hastapenik. Gobernuaren postura ikusirik, itxaropentsu zarete? Helburua lortu daiteke?
Gauza da, estrukturalki planteatzen den erreforma hori biziki lanjerosa dela, orain arteko eredu soziala desegiteko arriskua dagoelako. Neoliberalen aldetik, pribatizazioa sarrarazteko bidea prestatzen dabiltza. Hori da erreforma horrekin jokoan dagoena. Hori jakinik, ez da harritzekoa ikustea nola sindikatu erreformistak ez diren kontrako posturan.
Zehaztu dezakezu azken puntu hori?
Nonbait, mutualitateak demagun, pentsio araubide pribatu bilakatzen ari dira. Dagoeneko gaur egungo sisteman zenbait funts kudeatzen dituzte sindikatu horiek. Bereziki CFDT-k. Erreforma pasaz gero, pribatuen zatia zabaltzeko aukera handituko da eta sindikatu batzuek interesa ukanen dute horretan. Joko horretan sartzea biziki lanjerosa da, aldaketa estruktural handia dakarrelako.
Gaur egungo erretreta sisteman badira hobetu beharreko hainbat puntu. Laborarien erretretak miserableak dira. Azkenean, Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30ean egingo den greba orokorrarekin ere eztabaida bera da, galdera da 'zer nolako erretretak, lanak eta bizitzak nahi ditugu?' Erretreta, lan eta bizi duinak nahi ditugu.
Justuki, urtarrilaren 30eko greba orokorra dela eta, Ipar Euskal Herritik ere LAB gisa elkartasuna adierazi duzue.
Ez bakarrik elkartasuna. Urtarrilaren 30eko greba orokorra hemengo agendan sartu nahi dugu. LAB gisa langilegoari galdetzen diogu Donostiara joatea, hemendik hurbilena delako. Horrez gain, arratsean elkarretaratzea eginen dugu Hendaian eta hori intersindikalaren izenean antolatu nahi dugu. Aldarri berak ditugu nonnahi Europan, guztiok egin behar dugu aurre. Europa guztian gauzatzen ari den modelo neoliberalak helburu bera du herri guztientzat: gastu sozialei bideraturiko BPGren zatia ahal bezainbat gutxitzea, pribatuen poltsikora bideratzeko.
Azken hitza zuretako.
Herritarrei dei egiten diegu, mugimenduari lotu behar dute, eztabaidan egon behar dute. Gai politiko eta sozialei berriz lotzeko parada badago mugimendu sozial horretan. Beti pentsatu izan dut mugimendu soziala beti dela ona; elkartasuna lantzen delako, eztabaida egoten delako. Hori biziki inportantea da. Gainera, irabazten badugu, hobe. Baina, zoritxarrez, momentukoz ez dakigu irabaziko dugun.