argia.eus
INPRIMATU
Borroka lokalak lehenengo lerrora eraman dituzte milaka ikaslek Bilbon
  • Milaka ikaslek Bilboko karrikak hartu dituzte erreformei aurre egiteko Bizkaiko Ikasle Abertzaleak, Bilboko eta Leioako ikasle mugimenduak deitutako greba egunean.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko azaroaren 26a
Manifestazioa Bilboko kaleetan. (Arg: @ikasleEztanda)

Hezkuntza eredu propioaren aldeko borrokan berretsi dira ikasleak eta euren aldarrikapenak lehen lerrora eramanen dituzela adierazi dute.

“Leku desberdinetatik etorri arren eta borroka desberdinak garatu arren, gaur hemen batu gara guztiok. Aski dela esateko ordua iritsi zaigu. Nazkatuta gaude”, adierazi dute ikasleek manifestazio amaieran.

Ikastetxeetan eta fakultateetan aurrera eramaten ari diren borrokak lehenengo lerrora eraman nahi izan dituzte greba honen bitartez. Azaroaren hasieran prozesu parte hartzaile bati hasiera eman zioten, tokian tokiko ikastetxe eta fakultate zein campusetan ikasleek duten egoeraren berri izan nahi dute.

Ikas-baldintza duinen aldeko borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute: “Kolektiboan eta lankidetzan oinarritzen den eredua eraiki eta gure hitza kontuan eduki arte, borrokatzen jarraituko dugu”. Era berean, ikasleen beharrizanen araberako eredua “errealitate” bihurtuko dute adierazi dute: “Haien inposaketen gainetik, Ikasle batasunaz lortuko dugu. Gurea eraikiz eta haiena suntsituz, gure beharrizanen araberako eredua errealitate bihurtuko dugu”.