Borroka armatua Euskadin. 1967-2011 (Maiatz argitaletxea) liburua argitaratu berri du Emilio Lopez Adan, Beltza-k. Egia esanda, bat baino hiru liburu dira, bakoitza 800 orrialdetik gorakoa. Lehenak hartzen du 1967tik eta 1970era arte, bigarrenak 1981etik 1990era eta, hirugarrenak, 1991tik 2011ra, ETAk jarduera armatua eten zuen arte. Erakundea 2018an desagertu zen guztiz.
Zergatik 1967an hasi? ETA lehenago jaio zen, 1959an, eta Julen Madariaga ETAren sortzaileetakoak Egiazi Zor liburuan dioenari kasu eginez gero, 1952an, EKIN jaio zenean, haren esanetan ETArena izen aldaketa besterik ez baitzen izan. Baina 1967an ETAk egin zuen V. Biltzar Nagusian abiatu zen atentatu hilgarrien soka: “ETA Militarra (ETAm), ETA Politiko‑militarra (ETApm) eta Komando Autonomo Antikapitalistak (KAA) sustrai horretatik jalgiak dira”, dio egileak liburuan.
1967an etorriko ziren estrategia horren ondorengo lehen hildakoak: José Pardines guardia zibila eta Txabi Etxebarrieta etakidea. Lopez Adan, ezaguna den gisan, ETAko kidea izan zen 60ko hamarkadan eta 70ekoaren hasieran, zuzendaritzan ere egon zen eta bilera hartan parte hartu zuen.
Ekintza bakoitzaren azterketa
Egilearen esanetan, hildakoak dira borroka armatuaren alderik latzena, eta beraz, borroka armatuaren azterketa praktika armatu horretan izandako hildakoetan oinarrituta egin du, bai erakunde armatuen ekintzez hildakoak –gehienak ETArenak–, bai polizia indarrek edo parapolizialek eragindakoak. Guztira 1.300 bat hildako aztertzen dira liburuan, horietatik 842 euskal erakunde armatuek zuzenki edo zeharka eragindakoak, eta gainerakoak segurtasun indarrek edo indar parapolizialek. Hala azaltzen du berak bere asmoa: “Beraz, ekintzetan zentratutako ikerketa da. Eta ez erakunde armatuez ikerlariek, lagunek edo etsaiek emandako azalpen ideologikoei beste itzuli bat”.
Ekintza bakoitzean aztertzen da nork egin zuen, zergatik, estatuaren erantzuna, komunikabideek garai hartan ziotena... oro har, ekintza haren inguruan berak topatu duen informazio guztia, batzuetan publikoa eta beste batzuetan klandestinoa: “Ekintza edo gertakari bakoitzaren mikro-historian sakondu, biolentziak sortzen dituen interakzioak ulertu, eta klase edo herri borroketan duten zentzua agertu”. Edozein kasutan, “lanak ez du azken egiarik finkatu nahi, baizik eta ikerketari lehengai berriak ekartzea”.
Eta izenekin zer? Izenak aipatzearekin beldur izan dela aitortzen du, berak ez diolako “hausporik eman nahi errepresioari”. Liburuan aztertzen diren ekintza armatu asko ari da ikertzen oraindik Espainiako Estatua eta, ahal duen neurrian, epaitzen eta zigortzen. Horren jakitun izanik, idazleak azaltzen du berak bakarrik aipatzen dituela hedabideetan edo auzi judizialetan agertutako pertsonen izenak, hau da, dagoeneko publikoa dena. Bere ustez, ez du zentzurik historia egitea izenik aipatu gabe, eta beste ikerle edo pertsona askok ere aipatzen dituzte.
“Biolentzia iraultzailea”
Berehala ikusten da borroka armatua praktikatu duenaren ikuspegitik egindako lana dela, biolentzia armatua “datorren lekutik datorrela” arbuiatu gabe, berak “biolentzia iraultzailea” deitzen duenetik abiatua. Eta, bere aburuz, biolentzia horri hiru baldintza eskatzen zaizkio: “Helburu politiko askatzaileak; helburuak lortzeko estrategia; eta jo-muga ongi ziblatuak, hots, ekintza egokiak”.
Lopez Adanek lanaren aurkezpenean dioenez, “estrategia aldetik, insurrekzioa, herriko gerla luzatua, gerrilla edo negoziazioa… formula ezberdinak entseatu dira. Ibilbide horrek gorabeherak izan ditu, estatuen politikak eta errepresioak baldintzaturik, baina, oro har, erreboltatuen tradizioan kokatu da”. Bere ustez arazo larrietako bat “ekintzen selektibitatean” egon da eta horren ondorioz “jende anitzek sentitu duela etika askatzaileak baztertu direla”. Horregatik lanaren helburua da, “estrategia eta etikaren arteko artikulazioa ikertzea... Gertatuak ulertzeko eta biolentzia iraultzailea laidoztatzen duten jarrera konformista eta erreakzionario berpiztuei aurre egiteko, beharrezkoa zaigu garaian guztiz biziak ziren analisiak eta errepresentazioak berriz aipatzea”.
Asteazkenean egin zuten liburuaren aurkezpena Baionan egileak berak eta Luzien Etxezaharreta Maiatzeko editoreak. Liburua euskaraz argitaratu da eta ale bakoitzak 35 euro balio du.