argia.eus
INPRIMATU
Borrak erabili ostean desinfektatzeko agindu die agenteei Espainiako Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak
  • Identifikazioak eta miaketak egitean ere neurri bereziak hartu beharko dituzte kutsatzea saihesteko.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 03a
Polizia nazionalaren esku-hartzea Maravillasen Gaztetxearen aldeko manifestazioan

Espainiako Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak zenbait irizpide helarazi dizkie bere agenteei pandemian zehar hartu beharreko segurtasun neurriekin. Horien artean, baldintza higienikoak: operazio bakoitzaren ostean, armak, borrak eta ezkutuak bezalako “lan-tresnak” desinfektatzea eta lehortzen uztea, hain zuzen ere.

Horrez gain, Espainiako Polizia Nazionalak herritarren bati identifikatzeko agindua ematen dion bakoitzean, debekatuta izango du haren eskuetatik zuzenean jasotzea. Ordezko teknika gisa, herritarrak nonbait utzi beharko du nortasun agiria, agenteek euren kabuz jaso dezaten. Gauza bera egin beharko dute agiria jabeari itzultzeko.

Miaketa luzeagoak

Gorputzetan miaketak egin behar dituzten bakoitzean bi eskularru pare jantzi beharko dituzte poliziek. Gainera, erabilpen bakoitzaren ostean eskularruok botatzera behartuta daude, eta miatu behar dutena talde bat baldin bada, kide bakoitza miatu ostean errepikatu beharko dute prozesu hori.