Bi hilabete, besterik ez, itxaron behar izan dugu Borrellen metafora gogoangarria zegokion lekuan gera dadin etorkizunerako. Ez da, ziur, berak nahiko lukeena; bai, ordea, eskarmentuko edonork espero zezakeena. Eta Borrellek ezer edukitzekotan, eskarmentua dauka. Europako Parlamentuan, batik bat. Erakundearen buru izan zen 2004tik 2007ra. Eta oraingo iskanbilaren protagonista guztiak ezagunak ditu, lanbidez nahiz pentsabidez.
Urrian Brujasen Europako lorategiaren eta munduko oihanaren ergelkeria bota zuenean ez zuen jakingo, beharbada, ordurako Europako zerbitzu sekretu batzuek aspalditik, eta belgikar epaile batek lauzpabost hilabete lehenagotik, Panzeri italiar europarlamentari ohiaren, Eva Kaili Europako Parlamentuko presidentordearen, eta abarren inguruan zerabilten ikerketa. Qatargate maula-izena jarri dioten hori alegia.
Edo jakinaren gainean hitz egin zuen, ordurako? Berak jakingo du. Ikerketaren nondik norakoak gaizki pentsatzeko aukera guztiak zilegitzen ditu, legezkotasun-kontuetan sartu gabe.
Argi dago, haatik, europar Edenaren fededunek (eta apustu egingo nuke, haien artean, Borrellek berak ere) “saskian dabilen sagar ustelaren” ipuina saldu nahi digutela. Alegia, bakarra ez bada bakana litzatekeela Panzeri, Kaili eta abarren kasua.
Sinetsi, ez dut uste sinets dezaketenik. Aztarnek, eta Europako Parlamentuko milieu-a ezagutzen dutenek, argi eta garbi esaten dizute, aspalditik, han egin eta esaten diren asko eta asko ordainpekoak direla. Alde askotatik alde askotara ordaindutakoak. Hortik aurrera, aukera eta estilo desberdineko ordainak daudela: legezkotasunean aritzen omen diren lobbyetatik hasi eta, itxura denez, kasu honetan zerabilten modalitaterainokoak. Maletakada eskudiru.
“Sagar ustelaren” ipuinaren ifrentzura eramaten gaitu horrek. Edenzaleentzat, ustelkeria, hein handi batean, etorriko litzateke dirubide asko duelako horrenbeste diru eduki behar ez lukeen norbaitek/zerbaitek. Kasu honetan, Qatarrek. Ez naiz ni, ez debalde ez bestela, Al Thani familiaren negozioa zuritzen hasiko; baina hura, arrazoi sendoenez jantzita, arbuiatzen duten askoren zuritasunagatik ere ez dut inolako fede-aitorrik egingo. Batez ere, Borrellen Edenaren sancta santorum-a, Europako Parlamentua, tartean denean.
Burura datorkit, urrutirago ez joateko, Aleix Vidal Quadrasek, inolako ondoriorik gabe, saldu zigun MeK-ipuin hura... egia, ziur, askoz itsusiagoa zelako oraindik.
“Qatargate” izenarekin, hein handi batean, zuritu egiten da iragan hori; eta, zer esanik ez, isilpean geratu dena. Zergatik ez “Eurogate”? Edo, hobe oraindik, “Edengate”?