argia.eus
INPRIMATU
Borra hedagarriak Barakaldoko udaltzainentzat, “elkarbizitzari eraso egiten dion pertsona oro geure artetik kanporatzeko”
  • Barakaldoko Udalak 20.500 euro bideratu ditu udaltzainei borra hedagarriak erosteko. Altzairuz egindako bastoiak dira, kilo erdi inguru pisatu eta 25 zentimetro inguru neurtzen dute. Ertzaintzak ere aspaldi erabiltzen ditu.

Axier Lopez @axierL 2020ko maiatzaren 20a

Barakaldoko Udalak Udaltzaingoaren 140 agenteentzat 130 borra hedagarri erosi ditu eta horretarako 20.500 euroko partida bideratu du, Barakaldo Digital atariak zabaldu duzenez. Udaltzaingoaren bitartekoak modernizatzeko eta hobetzeko planaren barruan dago erosketa hau. Plan hori Herritarren Segurtasunerako arloak diseinatu du legegintzaldi honetarako.

"Eraginkortasunez jardutea exijitzen diogu geure tokiko Poliziari, baina horretarako behar dituzten tresnez hornitu behar ditugu. Hori da neure konpromisoa, eta horrela egingo da", esan zuen 2019ko azaroan Angel Madrazo (PSE-EE) Herritarren Segurtasunerako zinegotziak. Udaltzainen arma eta ekipamenduaren berritzearen zergatiaz ondorengoa adierazi zuen Madrazok: "Gure elkarbizitza nahasten eta gure herritarren askatasunari eraso egiten diotenak geure artetik kanporatu behar ditugu".

Barakaldoko Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Angel Madrazo.

Ohiko borrak baino kaltegarriagoak

Borra edo bastoi hedagarriak defentsa-material gisa erabiltzen dituzte zenbait herritako Udaltzainek, gehien bat hiri handietan. Udalei dagokie udaltzainek erabil ditzaketen borra motak arautzea, dela materiala (altzairua, plastikoa...), dela makila hedagarri horiek zein kasutan erabil ditzaketen.

2017an desalojoetan poliziek erabilitako indarkeria dela-eta herritarrek aurkeztutako salaketen ondoren, Iruñeko Udalak altzairuzko borra hedagarriak plastikozko beste material batzuengatik aldatu zituen.

2018ko martxoan Bilboko udaltzain bati urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten gazte bati buruan jotzeagatik, borra hedagarria beharrezko ez zen egoera batean erabili zuelako.