argia.eus
INPRIMATU
Borondatea sakrifikatu dute

Behe Banda 2024ko irailaren 16a

Ume ginenean, eguzkiaren heriotzagatik negar egiten genuen, lurra noizbait hilko zela ulertu genuelako. Orduan, injustizia zen mundu honen anomalia bakarra eta azalpen gabea zitzaigun heldu horien bizitzetan. Marrazki bizidun guztiek zioten, “dena ondo aterako da”, eta ni arrosaz janzten nintzen. Lehenbiziko aldiz ikusi genuen eskale bat gurasoen eskutik eramanda, eta eskolan heldu izatera jolasten genuen. Irrikitan itxaroten nuen ni ez-umea ezagutuko nuen eguna.

Nerabe ginela idazlanak egiten hasi ginen, talde lanetan munduaren eta testu-liburuen arteko arazoak nahasten ziren. Ariketa bat: “Egiten dugun guztiaren jabe gara? Arrazoitu erantzuna”. Kurtsoak aurrera eta ez genekien gure bizitza determinatuko zuen erabakia lana zela, eta horrexegatik zela hain garrantzitsua amaitzea DBH, batxi, karrera bat edo bestea. Konturatu nintzen nire betiko lagunak akaso ez zirela betirako izango eta txikitan hautatu nuen instrumentua ez zitzaidala inoiz gustatu.

"Nire belaunaldiaren denbora bestelakoa da: ezer ez gertatzea aukera ez den garai batean, isilik gelditzen gara"

Orain, gazte garela konbentzitu behar naute. Inozoa omen da eraikinen artean horizontea ikusten duena, abstraktuegia bere asmoetan, urrutiegi denboran, batek dio, “nik bihar dena suntsituko balitz bezala disfrutatu nahi dut”. Distantzia ironikoz elkartasuna adierazten diogu elkarri eta denak su hartzearekin amesten dugu, mundu honen gaineko erantzukizuna delegatu gabe gelditu balitz bezala. Porrota dugu isil-mandatari eta ekidistantzia abiapuntu. Errebeldia ume kontua bihurtu dute, baina orain neskatxek nire top satinatuak jantzi eta anti-aging kremak erosten dituzte. Guk, aldiz, inozentziara bueltatu nahi eta lazitoz lotzen dugu ilea, dena azalekoa gelditu dadin.

Nire belaunaldiaren denbora bestelakoa da: ezer ez gertatzea aukera ez den garai batean, isilik gelditzen gara. Irreala da kezkarik ez edukitzea, burbuila bat da gorputzean barruraino sartuta eta leher egiten du “zer egin” galdetzean. Etxera iristean, nekatzea besterik ez daukagu eta gure buruari tiraka gabiltza kafearekin, erritmoa ezin barneratzeak eutsi gaitzan. Eta hor, ihesa zilegi balitz ez ginateke nostalgia izpiz esnatuko eta gau aldean ez genuke beltzez ikusiko.

Borondatea (askatasuna deitu zaiolakoan, hautua finean) sakrifikatu dute. Gazteari dagokio dagoena deuseztatzea, hau horrela ezin da izan, beste zerbait agian, intuizio maila kaxkarrean izanda ere, sinestea. Zer egin zeregin, norbait kezkatu beharko da besteaz. Gure burua lehenesteko diotenek, aski ongi dakite ni erdigunean egonda bakarrik nagoela. Ulertzen dut arazo estrukturala ez dela nirea eta neure egiten dut gatazkatsua izatean aurkitzen dudan aldaketarako inplikazioa.

 

Autobusean auto-ilara batean murgilduta ikusten naizenean ez dakit nire albokoak badakien manifestazioak errepidetik doazela eta hauek mozten dituztela, norbaitek egiten duela eta auto-ilara ez dela gertatzen. Beste norbait agian garai batekoez oroitzen da, txistez eta absentziaz. Kontrara, guk badakigu kargak manifestariak harrapatzeko dispertsio mekanismoak besterik ez direla eta bloke batu bat ihesi ateratzea baino efektiboagoa dela. Gure denbora baino zerbait handiagoak batu gaitu: hau iraultzeak dakarren edertasunarekin geldituko gara.