argia.eus
INPRIMATU
Borondate kolektiboaren bidetik
Josu Iraeta 2024ko azaroaren 14a

Badira hauteskundeek erabaki politikoei legezko izaera emateko baino ez dutela balio diotenak. Eta ez dira gutxi horrela pentsatzen dutenak. Bale, baina horrekin gauza asko esaten dira, besteak beste, benetako agintea, boterea, joko horretatik kanpo dagoela.

Baina –nire ustez– neurrian bada ere, hauteskundeak beti dira gizarteak bere iritzia jakinarazteko eskura duen tresna. Beste gauza bat da jakinarazte horrek erantzunik jasotzen duen ala ez. Ez da erraza. Non, nola eta norekin gauden ongi aztertzean dago gakoa.

Egia da, non gauden jakiteak beti lagunduko du, baina, estatu batetik bestera, sistema ekonomiko eta politiko batetik bestera, nazio eta etnia gutxienen arazoek modu desberdinak hartzen dituzte. Hori ukaezina da.

Zorionez, burua neurrikoa eta ongi betea dutenak ditugu bazterrean. Beti da mesedegarri norberak baino gehiago ikasitakoak oraindik jorratzeko dagoen bide luzean argi pixka bat jartzeko. Eskerrak horrelako jakintsuei, bestela nola arraio konponduko ginen menditik etorri berriak garenok?

Egia da, badira beti ingurukoen gainetik begiratzen dutenak; agian horregatik, –beste inork ez bezala– besteei bidea erakusten jardun behar horrek, berea nondik doan jakin gabe bizi dira.

Eta beharbada horregatik, egun indarrean dagoen espainiar gobernuaren azken boladako urratsak ez dituzte hausnartzen, itxuraz ez daukate ezer berririk, baina egia beste bat da. Duela hamarkada gutxi batzuk, Europan gertatutakoa agertzen digu mahai gainera.

Jakin badakigu, erakunde estatal bat dugunean, eta nazio bat baino gehiago haren barrenean, estatu plurinazionala, zein izan daitekeen hoberena guretzat: askatzea, nazio bakoitzak bere erakunde estatal berjabea burutzea? Estatu berean elkarrekin jarraitzea, federazio edo konfederazio gisa? Hori da zehaztu behar duguna. Gaur ez bada, bihar izango da, baina izango da. Hor borondate kolektiboaren beharra.

Gizarte zibila harreman sistema konplexua da, baina lan sendoa eta zuzena eginez, borondate kolektiboa lor daiteke, eta horrekin, aginpide politikoa eskuratzea posible da

Beharbada horregatik, helburu zehatzak argi jakinaraztea derrigorrezkoa dela uste dut. Nazioen autodeterminazioa, elkarte nazional arrotzetatik, estatu gisa askatzeko eskubidea ulertzen baita, estatu nazional burujabeen sortzea ulertzen da. Eta jakinik estatu espainoleko demokraziak sortzetiko gaixotasun sendaezina duela, egin beharreko urratsak ongi neurtu beharko ditugu, aurrera egin nahi badugu.

Ezker Abertzaleak, edo –nire lagun zahar batek esango lukeen bezala– Ezker Abertzale historikoak, azken berrogeita hamar urte hauetan erakutsi du –ongi erakutsi gainera– herriaren alde lan egiten dakiela. Eremu ezberdinetan, garaian garaiko, dagokion eremuan.

Ezker Abertzalea Hego Euskal Herria kudeatzeko, gobernatzeko gauza dela erakusten ari da. Horretan, gizartearen gehiengoaren konfiantza irabazten ari da. Hor dago azken hauteskundearen mezu garbia.

Ez da lan makala, kontuan harturik, ia mende erdian, demokrazia politikoa kontrolaezin luzetan, eginkizun publikoen agintea kasta zahar baten pribilegioa izan dela. Gizarteari sinetsarazi zaio kudeaketa publikoa ikaragarri konplikatua dela eta EAJk barruan dituen ilusionistek bakarrik dakitela hori eramaten. Besteen esperientziarik eza saldu dute, betiko beldurra.

Garai berriak sortu nahi ditugu, eta garai berri horietara egokitzen ari gara. Orain arte, Euskal Herriko gizarteak, nahi ala ez, erreferentzia garbi eta seguru bat izan du azken hamarkadetan. Autoritate zaila, baina era berean irmoa. Autoritate bezala osoki aitor zitekeena, nahiz osoki identifika zitekeen, edo ez.

Bestelako denborak dira gaurkoak. Bestelako dohainak behar ditu gaurko agintariak, apirilean frogatu zen bezala. Gure esku dago, lan sendoaren emaitzak izango dira etortzeko daudenak. Edo ez dira izango.

Betidanik, borroka luze eta gogorrez bakarrik lortzen baita askatasuna. Beraz, nola edo hala, iraultza da, eta lortzen denean festa izan ohi da. Gero –ez dakit noiz–, baina, festa egunak igarotzean, nazio sentimenduak epeltzen hasi litezke. Arras normala, arazo berriak agertzen dira, eta lehen hainbesteko garrantzia zuten gauzei –nazio hizkuntzak, adibidez– garrantzi gutxiago ematen diegu.

Ataka hori ez da politikarien afera hutsa, baina egiazkoa da, eta, horregatik, kontuak garaiz ateratzea hobe. Egia baita, herri zapalduan aukera gehiegirik ez dela izaten. Begira Nafarroan gertatzen ari denari, nazio hizkuntzak galdutakoa berreskuratzeko.

Gaur bertan, gaztelania euskara zapaltzen ari baita. Horregatik entzuten dugu tolerantea izan behar dela, zapaltzailearen hizkuntza besterik erabiltzen ez dutenekin. Ez dela gehiegi eskatu behar. Baina agian aukera gehiago izateak gogo gutxiago ere ekartzen ahal du. Eta nahi omen luketelako hartatik; ezin dutela, zaila dela, ez dela hain garrantzitsua…

Lehen nioen helburu zehatz eta argiaren ezagutza ezinbestekoa dela; orain, gehiago sakonduz, berriro estatuari begiratuko diot.  

Helburuen arabera, estatua sortzeak teoria eskatzen du, eta teoriak, derrigorrez, jakinduria. Ezinbestekoa da gizarte zibilak pentsatzen duena jakin eta ulertzeko. Gizarte zibila ez baita batasun hermetiko bat, sailkatuta dago mila era, talde eta maila sozialetan, ia-ia erakunde politikoak bezala. Beraz, harreman sistema konplexua da, baina lan sendoa eta zuzena eginez, borondate kolektiboa lor daiteke, eta horrekin, aginpide politikoa eskuratzea posible da.

Nik horrela uste dut, baina, hala ere, kontuan hartzekoa da borondate kolektiboaren bultzadaz nagusitzeak ikuspegi asko bateratzera behartzen duela, eta horrek agintariak aldatze hutsa ekar dezakeela. Eta nik, beste askok bezala, gehiago nahi nuke.

Josu Iraeta, idazlea