argia.eus
INPRIMATU
Boris Pahor hil da, holokausto nazia gordintasunez kontatu zuen idazle esloveniarra
  • Esloveniako literaturak azken mendea begien aurretik pasatzen ikusi duen idazlea galdu du. Boris Pahor 108 urterekin zendu da astelehen honetan Triesten.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2022ko maiatzaren 31
Boris Pahor 2015. urtean (argazkia: Claude Truong-Ngoc / Wikimedia Commons - cc-by-sa-3.0).

1967an argitaratu zuen Nekropola (Nekropolia) nobelari esker lortu zuen literatura unibertsalaren ate estutik sartzea Boris Pahorrek: nazien kontzentrazio-esparru batean bizi izandakoa kontatu zuen lan horretan 108 urterekin hil berri den idazle esloveniarrak. Obra horrek bihurtu zuen holokaustoaren narratzaile handienetako bat.

Eta hala ere, badirudi gauza batzuk azpimarratu egin behar direla hiztun gutxi dauzkan hizkuntza batean ari garenean –2,5 milioi lagunek hitz egiten dute eslovenieraz–: “Pahor ez da bakarrik egile esloveniarra, mundu mailakoa ere bada”, irakur zitekeen astelehenean herrialde hartako Dnevnik egunkariaren edizio digitalean, hildakoaren dimentsioa, nolabait, erabili zuen hizkuntzaren taila baino handiagoa zela azpimarratu beharrez.

Albiste berean, Peter Kova?i? Peršin-ek, zeinak Pahorrekin kolaboratu zuen 1970eko hamarkadan Zaliv aldizkarian, idazlearen bi ezaugarri nabarmendu ditu: “Lehenbizikoa, askatasun-errepublika bat eraikitzeko egin zuen borroka, ideologien eta totalitarismoen kontra. Bigarrena, neurtu ezin den kazetaritza- eta literatur-obra; Nekropolia eta beste obra batzuk mundu mailako klasikoak dira. Beti egon da hari nagusi bat berarengan: ama-hizkuntzarekiko maitasuna. Eslovenieraren apostolua da, gaur egun oraindik ere kontrakoa duen giro batean”.

Eslovenieraren alde, faxisten aurka

1913. urtean Triesten jaioa, artean hiria Austria-Hungariako inperioaren menpe zegoenean, italiar faxismoaren gorakada ezagutu zuen haurtzaroan eta nerabezaroan: esloveniarren Etxe Nazionala nola erretzen zuten ikusi zuen 1920an; eta eskolan hasi zenean, Mussoliniren menpekoek esloveniera erabat debekatua zuten, bai eremu publikoetan, baita pribatuetan ere. Jazarpen gogorra urte luzez: 1936an Lojze Bratuž abesbatza-zuzendari eloveniarra atxilotu, torturatu eta hil izanak ere eragin sakona izan zuen Pahorrengan. Giro horrek ez zuen kikildu: bere hizkuntzaren molde estandarra ikasi eta pseudonimopean hasi zen lehenbiziko idazlanak argitaratzen.

Edvard Kocbek poeta ezagutzeak mugarria ezarri zuen haren ibilbidean: joera literario modernoenen berri eman zion, baita idazkera lantzen lagundu ere. Garai berean, 1930eko hamarkadaren amaieran, antifaxista esloveniarrekin harreman estua izan zuen. Bi aldizkari argitaratzeaz ere arduratu zen, atxilotu zuten arte: lehenbiziko aldiz ezagutu zuen kontzentrazio-esparrua. Ez luzerako: 1940an italiar armadarekin Libiara joatera behartu zuten. Italiak II. Mundu Gerran kapitulatu ostean, Triestera itzuli zen eta Esloveniar Nazioaren Askapen Frontearekin bat egin zuen, 1944an atxilotu zuten arte. Alemaniarren eskuetan, bi kontzentrazio-esparru ezagutu zituen: Natzweiler-Struthof eta Bergen-Belsen.

Kontzentrazio-esparrura itzultzea

Gerra bukatu eta 20 urte inguru igaro ondoren itzuli zen Natzweiler-Struthofera. Ordurako museo bihurtua zuten heriotza-zelai haren aurrean, memoria lanean hasi zen, oroitzapen mingarriak, sufrimendua, gosea, hotza, umiliazioa, kolpeak, irainak eta pena ikaragarri bat, han berarekin izandakoengatik, handik inoiz atera ez zirenengatik, esplikaezina dirudien izugarrikeria harengatik.

Memoriaren jario horren fruitu da Nekropolia, hizkera gordinekoa, auto-errukian erortzen ez dena; basakeria horren aurrean ere, elkartasuna eta erresistentzia gerta daitezkeela erakusten duen liburu autobiografikoa.

Jaio zen hirian bertan hil da Pahor, 40 liburu baino gehiagoko obra utzita.