argia.eus
INPRIMATU
Boris Johnsonen benetako asmoa: ‘jendea versus parlamentua’ bozkatzeko hauteskundeak
  • Parlamentuaren prorrogaren jokaldi agerian populistarekin Johnsonek lortu nahi du legebiltzarrean gehiengoa eskuratzea.

Tom Kibasi @tomkibasi 2019ko abuztuaren 29a

Boris Johnsonen planak –parlamentua atzeratzeak Erreginaren urriaren 14ko mintzaldia arte– eragin dezake bai legebiltzarkideek blokatzea akordiorik gabeko Brexit bat, edo baita lehen ministroarekiko konfiantza galtzea bozkatuz hauteskunde nagusiak deitzea ere. Bietarako dago tartea.

Johnsonen benetako helburua da Brexita erabiltzea hauteskundeak irabazteko, hauteskundeak Brexita segurtatzeko erabiltzea baino. Bere aurkarien posizioa behartuz, berak hauteskunde eremua markatu du ‘jendea versus parlamentua’ bozka dadin. Alegia, berak eskaintzea ‘Bozkatu Boris, Berreskuratu Britainia Handia”. Esango du urriaren 31n benetan Europatik irteteko bide bakarra dela bere esku uztea parlamentuaren gehiengoa. Eton eta Oxford unibertsitateetako eta Telegraph egunkariko gizonak bere burua aurkeztuko du ‘Europan gelditu nahi duen elitea’ osatzen duen establishment gorrotatzen duen jendearen lidertzat.

Johnsonen estrategia elektorala sinplea da: Brexitaren aldeko eskuina bere inguruan biltzea eta ‘remainerrak’ [Europar Batasunak jarraitu nahi dutenak] zatiturik jarraitzea Laboristen, SNP, Liberal Demokraten eta Berdeen artean.

Toriak azken asteotan saiatu dira laboristengandik espero dituzten erasoen lerroak babesten. Hamarkada batez zerbitzu publikoetan murrizketa izugarriak ezarri ostean, jende asko dago austeritatez nekatua. Osasun zerbitzuetan itxaroteko ilarak luzeagoak dira, poliziak ez dira gai kriminalitate gero eta handiagoari aurre egin eta auzuneetan lasaitasuna ezartzeko. Johnsonen gobernuak alor horietan diru gehiago gastatuko duela agindu du. Baina iragarpen horiek badute ifrentzu eskuindarra ere: eskoletako inbertsioekin batera proposatzen da irakasleei baimentzea ikasleen gaineko ‘neurriko indarra’ eta poliziarentzako baliabide berrien baitan doa agenteei baimentzea Taser pistolen erabilera.

Horrek logika osoa du. 2017an Theresa Mayk bere gehiengoa galdu zuen hauteskunde kanpaina Brexitean ez baina Erresuma Batuko barne arazoetan zentratu zenean. Laboristek austeritatearen kontra erabilitako mezuak oihartzuna izan zuen eta alderdiari bozkak ekarri. Johnsonek hori berriro gertatzea saihestu nahi du.

Baina zergatik sinetsiko du jendeak Johnsonen mezua? Populisten benetako sekretua, hasi Donald Trumpengandik eta Mateo Salvini edo Johnsonenganaino, datza transgresioa benetakotasunarekin uztartzean. Fanatismoan murgildu eta neke handiz lortutako arau sozialak –arrazismoaren, homofobiaren edo misoginiaren kontra– urratzeko gai izateak konbentzitzen du jendea politikariok ‘pentsatzen dutena esaten dutela’. Paradoxikoki, beren bertute faltak berresten du beren egiazkotasuna.

Horien fanatismoa kalkulu baten ondorioa da eta ez kalkulatu gabea; eta haien kritikoen garraisiek ez dute lortzen fanatikoen mezua zabaltzea baizik. Datozen hauteskundeetan jokatuko da ea agerian geratzen den ala ez Johnsonen benetako mamia: beste Trump bat dela, zeinaren agenda den eliteen aldeko Brexit bat, Britainia Handiak etxe barruan bezala atzerrian jasan duen hondamendizko hamarkada baten ostean datozen gastu publiko urri batzuen geruzaz mozorrotua.

Tom Kibasi Institute for Public Policy Research erakundeko zuzendaria da. Hemen euskaratu ditugu The Guardian egunkarian abuztuaren 28an plazaratu duen "Boris Johnson’s intention is clear: he wants a ‘people v parliament’ election" iritzi artikuluaren pasarte hautatuak.