argia.eus
INPRIMATU
Bordeleko unibertsitatean protestan ziren ikasleen aurka oldartu da polizia
  • Baxoaren erreformaren aurka protestatzeko, Bordeleko unibertsitateko anfiteatroa okupatuta zuten ikasleek asteartean, eta indarrez sartu zen polizia iluntzean. Gertaturikoa filmatzen ari zen Gorri ta Beltza Euskal Herriko ikaslea jo zuten (argazkian) eta salatu dutenez beste ikasle bat inkontziente utzi eta arrastaka eraman zuen poliziak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko martxoaren 07a

"Kolpeak, porrak, muturrekoak. Irain arrazistak eta homofoboak"

Ikasle mugimenduak anfiteatroa okupatzea erabaki ostean, "gure eskaeretako bakar bat ere onartu ez duen gerentziak joateko eskatu zigun, eta ondoren etorri ziren errepresioa eta biolentzia hutsa. Kolpeak, porrak, muturrekoak. Irain arrazistak eta homofoboak. Zaurituak. Lesio oso larriak. Horrela tratatzen ditu bere ikasleak unibertsitateko presidenteak". Gorri ta Beltza ikaslearen adierazpenak dira; erasoa jasan aurretik bideoan grabatzen ari zen CRS poliziak sartu ziren unea (behean ikusgai).

Gertaturikoak oihartzuna izan du eta unibertsitateko zuzendaritzak eta poliziak izandako jarrerarekin haserre, orain gehiago dira protestatara batu diren ikasleak. "Atzoko errepresioaren aurrean, Bordeleko unibertsitateko anfiteatro handiena okupatu dugu. Borrokak aurrera darrai!", idatzi du Gorri ta Beltzak sare sozialetan.